Sailak

 
Abanto-Zierbenako udalerriak, beste 17 euskal udalerrirekin batera, borondatez egin du bat Alkateen Itunarekin. Europako Batzordearen ekimena da, eta toki mailan klima aldaketaren aurkako borroka bultzatzea du helburu. Udalak 2010eko urrian sinatu zuen Ituna.

Ituna sinatu duten udalek honako konpromiso hauek hartu dituzte: 2020. urterako negutegi efektuko gasak % 20 murriztea, 2007. urtearekin erkatuta; energia-iraunkortasuna % 20 areagotzea eta energiaren % 20 iturri berriztagarrietakoa izan dadila lortzea.

Ekimena horrekin bat egiteak Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana (PAES) idaztea dakar. Plan horretan zehaztuko dira zein diren Udalak garatu beharreko ekintzak, 2020rako ezarritako helburuak lortzeko.

2012ko urriaren 23an Udalbatza Osoak PAES onetsi zuen.

PAESen edukia:

Isurien inbentarioan bildutako datuak oinarri direla, Abanto-Zierbenako Udalak lan egin du CO2 isuriak murrizteko eta Alkateen Itunean ezarritako helburuak lortzeko gauza ditzakeen jarduketak zehazte aldera.

Guztira, 62 jarduketa dira, eta 5 esparrutan banatuta daude: energia eraginkortasuna, mugikortasuna, energia berriztagarriak, hondakinak eta ura. Jarduketak Udalak ematen dituen zerbitzuen energia kontsumoa murriztera bideratuta daude nagusiki, baina baita PAESeko sektoreen energia kontsumoa murriztera ere: lehen mailakoa, etxea, zerbitzuak, garraioa, hondakinen kudeaketa eta uraren zikloa.

Udalaren mailari dagokionez, proposamenak zehaztu dira helburu hauetarako: argiteriaren energia kontsumoa eta udal eraikinen kontsumoa minimizatzea murriztea; eraikin eta instalazioen isolamendua hobetzea eta, horrela, galera termikoak murriztea; instalazioen kudeaketa hobetzea zein horien energia kontsumoa minimizatzea; eta energia arduraz kontsumitzeko ohiturak sustatzea.

Halaber, jarduketak zehaztu dira herri argiteriaren instalazioen eta semaforoen energia kontsumoa murrizteko, kudeaketa optimizatzea ahalbidetzen duten sistemak instalatzeko, ibilgailuen flotak (Udalarenak eta kanpora ateratako zerbitzuenak) kontsumitzen duen erregai kopurua murrizteko eta gutxiago kutsatzen duten erregaiak erabiltzea sustatzeko.

Azkenik, proposamenak definitu dira energia berriztagarriak ezartzeko udal eraikinetan, eta, horrela, eraikinek euren burua energiaz hornitzeko maila areagotuko litzateke.

Udalerri mailan, jarduketak sartu dira isuriak murrizteko, lehen sektorean, etxean eta zerbitzuetan; gaur egungo instalazioen ordez (argiteria, etxetresna elektrikoak, galdarak, itxiturak) eraginkorragoak diren beste batzuk jarriko lirateke, eta beste jarduketa batzuk herritarrak oro har eta ikastetxeetan bertan sentsibilizatzera bideratuko dira.

Garraioaren sektorearen kasuan, jarduketak planteatu dira ibilgailu pribatuak gutxiago erabiltzeko hiriko joan-etorrietan, bai eta garraiobide iraunkorrenak gehiago erabiltzeko ere (bizikleta, oinez). Era berean, jarduketa batzuk proposatu dira gutxiago kutsatzen duten energia iturrien erabilera bultzatzeari begira.

Bukatzeko, Ekintza Planaren baitan jarduketak jaso dira hondakinen gaikako bilketa hobetze aldera eta hondakinetatik eratorritako isuriak nahiz udalerriaren ur-kontsumoa murrizteko asmoz.
Aurreikusi da, planteatutako jarduketa guztiei esker, murriztu egingo direla udalerriaren CO2 isuriak, eta erdietsi daitekeela 40.350,95 CO2 tonako xedea 2020. urterako.