Hitzarmenen erregistroa

 

Irakinaldi politiko eta sozial handiko garaia;

Somorrostroko edo Abantoko San Pedroko batailak.

Mende honetan bi kontzepzio borrokatu ziren elkarren aurka, liberala eta absolutista. Gerra zibilak testuinguru horretan ulertu behar dira. Fernando VII.a hiltzean sorturiko ondorengotza arazoa ez da karlistaden zergatia, horien eragilea baizik.

Eragiketa leku nagusia Euskal Herria izan zen; izan ere, bertan Foruen mantenamenduaren arazoa sortu zen, liberalek proposatzen zuten legegintza mailako berdintasunaren aurka. Karlismoaren ideologian integrismo erlijiosoa zegoen, maila sozialean, erreakzio absolutista zegoen maila politikoan, eta lurraren jabetzaren jaunen araubidearen kontserbazioa zegoen (desamortizazioaren aurka) maila ekonomikoan, eta, azkenik, tradizioari jarraituz, foru sistemaren defentsa egiten zen.

Lehenengo Karlistada edo Zazpi Urtekoa (1833-1839) Esparteroren eta Marotoren arteko Bergarako Hitzarmenarekin amaitu zen; horren bidez, Esparterok konpromisoa hartu zuen Gobernuan Foruen mantenamendua defendatzeko. Horrela, Bizkaiak Foru Zuzenbide Zibila eta berezitasun militarrak nahiz fiskalak mantendu zituen.

Iraultza Loriatsuarekin (1868) karlisten haserrea berpiztu zen, eta hori bi fasetan garatu zen. Lehenengoa 1872an, Orokietako hondamenarekin eta hori Zornotzako Hitzarmenarekin amaitu zen; bigarren fasea1873an hasi zen, eta II. Karlistadaren hasiera eragin zuen.

1873an karlisten erasoaldia hasi zen, Dorregarai jeneralaren buruzagitzarekin. Bizkaia berehala hartu zuten; Portugalete jeneral horrek okupatu zuen, bost hilabeteko setioaren ostean; Lutxana eta Deustua ere erori ziren, eta liberalak Bilbon sartuta gelditu ziren. 1874an, Bilboren Setioa hasi zen; Valdespinako markesaren bateriek eta mortairuek bonbardatu egin zuten. 125 egunen ostean, maiatzaren 2an, Concha jeneralak askatu egin zuen hiria.

Bilboren setioak iraun zuen bitartean, setiaturiko hiribilduak laguntzarik ez hartzeko, Portugaleteren konkistatik isolaturik baitzegoen, karlistek Somorrostroko haranean bildu zituzten tropak, Bilboko giltzak Abandon gordeta zeudelakoan. Ollo jeneralak hautapen horren zergatiak azaldu zituen: ”(…) liberalek ez zuten Portugalete eragiketa-basetzat, eta beraz, Algortatik edo Somorrostrotik sartuko ziren (…)”.

Abantoko San Pedroko lehenengo bataila 1874ko otsailaren 25ean izan zen, eta goizeko 7etatik arratsaldeko 6etara arte iraun zuen.

Errepublikarrek, Somorrostroko itsasadarra igaro ondoren, aurrez aurre egin zuten eraso, baina karlistek San Pedrotik egindako kontraerasoaren ondorioz, atzerantz egin behar izan zuten. 2.000 pertsona inguru hil ziren, ezer lortu barik, guztiak ere hasierako posizioetara itzuli baitziren, eta beste une baten zain gelditu ziren, berriro ere erasoari ekiteko.

Bataila horrek liberalen porrota ekarri zuen. Horien agintean zegoen Morionesen ordez Serrano jarri zuten, Torreko dukea eta gobernuko presidentea; hori goi kargu militar batzuekin eta armadako bi talderekin iritsi zen, eta horien buruzagitzan Primo de Rivera eta Letona zeuden.

Bigarren batailak zenbait egunez iraun zuen, eta urte horretako martxoaren 25ean hasi zen; karlisten lerroak mendian gora luzatzen ziren; Santa Juliana zulatu zuten eta lubakiak Trianoraino hedatzen ziren; horretarako, meatzaritzako obren laguntza izan zuten.

Murrietan, San Pedron eta Mondañon borroka gogorrak egon ziren, hilaren 27 osoan. XII. mendean sorturiko San Pedro eliza suntsiturik gelditu zen, eta suak hamaika kilometro inguruko lerroa okupatu zuen.

Ollo jenerala eta Rada nafarra (“Radica”) hil egin ziren, granada batek San Pedroko zabalgune txiki batean eztanda egin ondoren, Sanfuentesetik berrogei pauso ingurura. Hilaren 29an beste buruzagi karlista handi bat hil zen, Castor de Andechaga, Las Muñecasen.

Olloren agintepean liberalen igarotzea ekidin zuten karlistek, Serranoren buruzagitzapean, gogor eutsi zuten baina egoera txarrean gelditu ziren. Talde bien artean, hildakoak 8.000 izan ziren. Horrela, hilaren 30ean tregua bat itundu zen, hildakoak lurperatzeko, horien kiratsa jasanezina baitzen. Lubaki itzelak egin eta ehunka hildako bertan sartu zituzten.

Apirilean Valdespinako markesaren gerra psikologikoa hasi zen; izan ere, Bilbon setiaturikoen artean gezurrezko albisteak zabaltzen hasi zen, horien morala moteltzeko. Erregeak borroka erabakigarria argitu nahi zuen, eta Somorrostroko San Juan bonbardatzeko agindua eman zuen. Batailek eta istiluek apiril osoan iraun zuten, eta, apurka-apurka, karlistak moteltzen joan ziren. 1875ean Karlos VII.aren tropak Euskal Herriko beste leku batzuetara joan ziren. Karlisten porrot nagusia 1876ko otsailaren 27an izan zen eta Karlos Espainiatik irten behar izan zen.

Somorrostroko aldarrikapenak (1876ko martxoaren 13a) Espainiako estatuaren konstituzio batasun berria adierazi zuen, urte horretan ekaineko Konstituzioan ezarritakoa, eta horrela, Euskal Herriak Foruak galdu zituen.

Somorrostroko batailako irudia, Abantoko San Pedro-n, II. guda karlistaren bitartean