Hitzarmenen erregistroa

 

Gure udalerriko hiru kontzejuen komunitatea antzinakoa da. XIV. mendean ere, Lope García de Salazarrek "Las Bienandanzas e Fortunas" lanean dioenez, Barakaldoko lurraldea Somorrostroko haranetik banantzean, horren mendi komuna lau zatitan banatu zen, ondoren adierazitakoaren arabera: zati bat "Sant Julian de Musquesentzat", beste bat "Zierbena e Sant Pedro de Santa Julianarentzat", beste bat "Santurtzirentzat" eta laugarrena "Varacaldorentzat". Hau da, garai hartan ere Abantoko eta Zierbenako kontzejuek nolabaiteko komunitatea osatzen zuten, zati bat biei esleitu baitzitzaien.

Bizkaiko Enkarterriak osatzen zituzten hamar errepubliketatik (horien gobernu organoa Avellanedako Batza), bi Somorrostroko haranean kokaturik zeuden. Haran hori zazpi kontzejuk osatzen zuten eta horiek bi administraziotan banaturik zeuden, ondoren adierazitako banaketarekin: Hiru Kontzejuak, hau da, Santurtzik, Sestaok eta Trapagaranek osaturiko errepublika, eta Lau Kontzejuak, hau da, Muskiz, Zierbena, San Pedro eta Abantoko Santa Juliana. Zazpi kontzeju horiek ez ezik, harenean Portugalete ere bazegoen, Bizkaiko Andrea izandako María Díaz de Harok 1322an sortua.

"Trianoko Goi Mendiak" izenekoetan kokaturiko lurralde horren barrua burdinaz beteta dago, eta gainera, zelaiak, urak eta zurak ere ugariak dira. Zazpiek batera ustiatzen zuten, eta horien ordezkariak "Pino del Casal" izeneko lekuan biltzen ziren, bi jurisdikzioen mugan.

Administrazio berezi hori aldatu egin zen 1841ean, lehenengo karlistadaren ostean, eta “Erresumako Udalen Lege” berria promulgatu zen. Urte horretan, kontzeju bakoitzak bere Udala osatu zuen, eta horrela, Abanto-Zierbenako Udala sortu zen:

“Santa Luziaren santutegian, Abantoko San Pedroren Kontzejuaren jurisdikzioan, Somorrostroko haraneko lau kontzejuetariko batean, mila zortziehun eta berrogeita bateko abenduaren bederatzian eta hamarrean (…), horretarako izendaturiko bederatzi hautetsiak bildu ziren, hiru Zierbenako San Roman parrokiatik, lau Abantoko San Pedro parrokiatik eta bi Santa Juliana parrokiatik, eta horrek 1842 urtean eraendu behar du… Jose de San Martin y Ugarte jauna izendatu zen alkate, Abantoko San Pedro kontzejuko auzotarra, eta probintziako sindiko, berriz, Jose de Jordanes jauna izendatu zen, Zierbenako auzotarra, eta bertako biztanleek Konstituzio Udal berria osatu behar dute, eta horrek Zierbenako San Roman, Abantoko San Pedro eta Abantoko Santa Juliana kontzejuak gobernatuko ditu hurrengo urtean, hau da, harana osatzen duten lau kontzejuetako hiru”.

San Pedroko atearen hondarrak