Hitzarmenen erregistroa

Kontza 

Gure inguru hurbilaren mendeetako jarduera nagusia meatzaritza izan da. Pliniotik (Antzinaroan) edo Humboldtetik (XIX. mendean) ia gaur egunera arte, meatzeetako aberastasunaren inguruko komentarioak iraunkorrak izan dira.

Meatze ustiapenaren historian, bi etapa bereizten dira; lehenengo etapan “ustiapen tradizionala” egin zen eta etapa hori, gutxi gorabehera, joan den mendearen erdialdera arte iritsi zen; bigarren etapa garai horretan hasi eta ustiapen intentsiboan oinarritu zen: “Meatzaritzaren Booma” izenekoa sortu zuen.

Fenomeno horrek Bizkaia osoko industria garapenaren oinarriak jarri zituen; gertaera jakin batzuen eraginezko fenomenoa izan zen. Lehenengo eta behin, aipagarria da altzairua lortzeko prozedura baten asmakizuna, Bessener bihurgailua, eta gure burdina berebizikoa zen prozedura horretarako. Foruen abolizioa ere baldintza garrantzitsua izan zen, azken karlistadaren ostean; izan ere, horrek aukera juridikoa eman zion minerala gordinean ustiatzeko eta esportatzeko, Bizkaiko Foruak une horretara arte debekatu egiten baitzuen hori.

Hiriburuek inbertsio handiak egin zituzten meatze enpresetan, horien irabaziak handiak zirelako. Kapital horiek Bizkaiko burgesiatik iritsi ziren (Sota, Aznar, Chavarri, Martínez de la Riva, etab.), baita atzerriko enpresetatik ere (Orconera, Iron Ore Company, Sociedad Francobelga de Minas de Somorrostro, Luchana Mining...).

Garai horretan, administrazio nagusia San Pedrotik Santa Julianara igaro zen, eta Gallarta auzoko plazan udaletxea eraiki zen; lehenengo osoko bilkura, berriz, 1883ko uztailaren 7an egin zen.

Horren guztiaren eraginez, lanpostu asko sortu ziren eta horiek Espainia landatarreko soberakinek bete zuten. Migrazio masiboak hasi ziren eta horiek, hasieran, hurbileko eremuetatik eta probintzietatik abiatu ziren (Araba, Nafarroa, Logroño, Kantabria eta Burgos).

Pertsona horiek gizaki batentzako modukoak ez ziren baldintzetan bizi eta lan egin behar izaten zuten; izan ere, barrakoi osasungaitzetan bizi ziren eta denda edo kantina jakinetan erosi behar izaten zituzten oinarri-oinarrizko produktuak, eta produktuok beti ez zeuden kontsumorako baldintza egokietan.

Hilkortasun tasa altua zen, alde batetik, kutsaduren eraginezko gaixotasunen ondorioz, eta bestetik, higiene ezaren eraginez (tifusa, kolera edo tuberkulosia); horrela, sektore batzuetan etengabeko kezka zegoen.

Horrela, 1881ean Trianoko Ospitaleen Elkartea zegoen, hiru modulurekin osatuta: modulu nagusia Gallartako Buenos Aires muinoan, eta eskumendekoak Matamorosen eta Galdamesen. Ospitale horien zuzendaritzan Enrique de Areilza sendagilea egon zen urte askotan.

Bizi eta lan baldintza horien testuinguruan, meatzarien kontzientzia soziala sortu zen, eta, horri estu lotuta, greba orokorrak hasi ziren. Izan ere, meatzalde horrexetan egon zen, Espainiako estatuari dagokionez, gizarte eta lan arloko gatazkarik gogorrena. Langileen errebindikazioen helburua bizi mailari loturiko oinarrizko hobekuntzak lortzea zen; istiluek, 1917ko grebaren kasuan izan ezik, Iraultza Sobietarraren ereduari jarraituz, ez zuten sistema aldatzeko izaera politikorik izan.

Emaitza desberdineko zenbait greba egin ziren. Lehenengo grebarik garrantzitsuena, izandako lorpenak aintzat hartuta, 1890ekoa izan zen. Horren ostean, ezagunenen artean, aipagarriak dira 1903koa, 1906koa eta 1910ekoa. Horietan guztietan errebindikazio berberak egiten ziren: soldata handiagoa eta barrakoien, derrigorrezko kantinen nahiz atazako lanaren ezabaketa.

Greba askoren ebazpen onaren eraginez, sozialistek ospea irabazi zuten; izan ere, jendearen haserrea bideratzeko gauza izan ziren. Grebetako buruzagietariko asko oso ezagunak ziren, euren ideia politikoengatik: Facundo Perezagua, “Seisdedos”, etab.

Pobreziako, lan gogorreko eta gatazka sozialeko giro horretan bizi izan ziren gure aurrekorik hurbilenak. Horien artean, aipagarria da Dolores Ibarruri “Pasionaria” zeritzonaren irudia. Berak, bere autobiografiaren lehenengo kapituluetan, haurtzaroko eta gaztaroko giroa kontatzen du, harik eta politikaren deiaren eta diputatutzat izandako lanaren eraginez jaioterria utzi behar izan arte. Vicente Zunzunegi eleberrigileak ere giro horixe deskribatzen du “El camino alegre” liburuan.