Hitzarmenen erregistroa

Hilobi irudia 

1982an, Punta Luceron hegoaldeko isurialdean dagoen Los Zorros kobazuloan giza aztarnak aurkitu ziren, bai haurren eta bai helduen aztarnak, silexeko gauza batzuekin eta landutako aizkora batekin batera. Udal mugarteko lehenengo biztanleei buruz dugun lekukotza bakarra da.

Agerikoa da datu horrek berez ez duela aukerarik ematen udalerriak historiaurrean izandako bizitza berreraikitzeko. Hala eta guztiz ere, muga juridikoak oraintsu sortu direla aintzat hartuta, ezin dugu bereizi erreferentzia urri hori inguruko testuinguru orokorrarekin: Enkarterriak. Izan ere, historiaurreko taldeek eremu zabala okupatzen eta ustiatzen zuten, lurralde mailan txarto zehazturiko lurraldean, eta bertan garatzen zituzten euren jarduera zinegetikoak eta artzaintza.

Horrela, esan daiteke Abanto-Zierbenako gizakiaren historia Eneolito-Brontze Aroan hasi zela. Ordurako, Euskal Herrian bizi zen gizakia ekoizlea zen. Janaria lortzeko ohiko jarduerekin batera (adibidez, ehiza eta bilketa), abereak zaintzen hasi ziren. Pauso horrek, hau da, ekonomia harrapari batetik ekoizpeneko ekonomiara emandako pauso horrek, aldaketa handia ekarri zuen gizartea antolatzeko sistemetara. Biztanleak oraindik ere kobazuloetan bizi ziren, Galdameseko Arenaza I kobazuloan ikusten denez. Baina aire zabaleko behin-behineko herrixkak ere egiten zituzten; hain zuzen ere, material iragankorrekin egindako etxolak ziren, adibidez, zurez, adarrez, basaz eta abarrez egindako etxolak. Sopuertaren eta Artzentalesen artean, Ilso Betaio izenez ezagutzen den mugartean, ezaugarri horiek dituen herrixka bat dago. Aldi nahiko laburrean, bertan giza talde bat egon zen, eraikin oso bakunetan. Horiei dagokienez gelditu diren aztarna bakarrak, izatez ere, eurak eusten zituen lurzoruak, biztanleak hotzetik babesten zituzten sutondoak eta harrizko tresna gutxi batzuk izan dira.

Hala eta guztiz ere, mugarteko azken lekukotzek agerian jarri dute historiaurreko gizakiek hildakoei emandako tratamendua. Hildakoak bizitzeko baliozkoak ez ziren kobazulo naturaletan sartzen ziren, eta gauza sinboliko urri batzuen ondoan uzten ziren. Los Zorros kobazuloan aurkituriko silexeko materialak eta landutako aizkora horrekin lotuta interpretatu behar dira.

Lehen esan dugunez, hileta ohitura hori ez da Abanto-Zierbenakoa bakarrik. Muskizen, Galdamesen, Sopuertan, Karrantzan eta abarrean ere halako kobazuloak aurkitu dira.

Dona Gilek ikerturiko azken kobazuloak, Sopuertako Lacilla izenekoak, giza hezurren eta aizkora landuen aztarna garrantzitsuak eman zituen.

Baina, garai hartan, hilak lurperatzeko beste modu bat ere bazegoen, hau da, hileta arkitekturen azpian (tumuluak edo trikuharriak); horien barruan, kobazuloetan bezala, zenbait gizaki lurperatzen ziren. Enkarterrietan fenomeno horren lekukotza asko ditugu, baina gure udalerrian ez da halakorik aurkitu.

K.a. lehenengo milurtekoaren hasieran, Euskal Herrira kultura garatuagoa zuten giza taldeak iritsi ziren. Artzaintzari eta transhumantziari loturiko bizimodu horiekin batera, behintzat hegoaldeko zonan, ekonomia mistoko bizimodua garatu zen: abeltzaintza eta nekazaritza. Bertan, gainera, gizarte egitura hierarkizatua eta kontzeptu nahiz erritual berriak sortu ziren, eta horiek aldatu egin zituzten ordura arteko formulak. Garai horretan, ordura arteko kokalekuak utzi barik, talde batzuk goragoko lekuetan eta gogorturiko maldetan finkatu ziren. Horixe da Galdameseko Pico Moroko barrutiaren kasua.

Horrela, oraingo aroaren hasieran, Euskal Herrian erromatarren eragina nabaritzen hasi zenenean, populazioak kulturaren garapen maila desberdinetan bizi ziren: batzuk bizimodu tradizionalei atxikita bizi ziren, Brontze Amaierako bizimodu tradizionalei atxikita, artzaintzaren nagusitasunarekin; beste batzuk, berriz, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekonomia zuten, eta horrek ordezkapen urria zeukan gure eremuan. Erromatarren kulturaren eragina handia izan zen Euskal Herri kontinentaleko hegoaldean, baina iparraldean ere eragina izan zuen.

Erromatarrek Gernikako itsasadarraren ertzetan eta Enkarterrietan egin zituzten euren politika kolonialaren saiakuntzak. Politika hori kabotajeko trafikoaren garapenari lotuta egon zen, antza denez; hori, berriz, eremuko baliabide naturalen ustiapenean eta Flavio nahiz Antonino enperadoreek euren eragin-aldea Inperioko bazterreko zonetara hedatzeko nahian oinarriturik egon zen. Horri dagokionez, gure lurraldetik hurbil Flaviobriga kolonia sortu zuten (Castro Urdiales), eta bertan, antzina ustiaturiko metalezko zain aberatsak aurkitu dira. Pliniok, K.o. I. mendeko historialariak, burdinazko mendi bat aipatu zuen, eskualde kantabriarrean kokatua, eta hori Trianoko mendiekin identifikatu da beti.

Hala eta guztiz ere, akulturazio saiakuntza horiek ez zuten arrakastarik izan, mende batzuk geroagoko lekukotzek agerian jarri dutenez. Enkarterriak IX. mendean agertu ziren lehenengoz testuetan. Hain zuzen ere, Alfontso III.aren kronika batean, 880aren inguruan idatzitako kronika batean, esaten da bere aurrekoa izandako Alfontso I.ak Karrantza eta Sopuerta birpopulatu zituela, Dueroren harana suntsitu zuten kanpainen ostean ekarritako kristauekin. Gero, 1000. urtearen inguruan, basoko baliabideen ustiapenetik eta abeltzaintza transhumantetik bizi zen historiaurreko bizimoduari loturiko populazioa aurkitzen dugu, eta biztanle horiek lurralde mailako zehaztapen txarra zuten jabetzak ustiatzen zituzten.

Eremua okupatzen zuten taldeen nahitaezko erreferentzia puntuak eliza batzuk ziren; horiek, XI. mendetik aurrera, Bizkaiko paisaiaren barruko eraikuntza nagusiak ziren. Zonako lehenengo elizak Pobeñako (Muskiz) Andre Maria, Santurtziko San Jorge eta Raneseko (Zierbenea) La Cerrada dira. Lehenengo biek orain arte iraun dute, baina hirugarrena orain dela mende asko desagertu zen. Hala ere, beste biak ere ez dira oso-osorik kontserbatu; aztarna txikiek eta Ranesen egindako arkeologia lanek emandako informazioaren eraginez ezagutzen ditugu. Orokorrean, lehenengo tenpluak txikiak izan ziren, baina euren neurria nahikoa zen fededunei aterpea eta laguntza emateko. Eredu komunaren araberakoak ziren, eta horren ezaugarri nagusiak bakuntasuna, lekuaren ulermen sinplea eta bolumen txikiak ziren. Horiek eraikitzeko, berriz, inguruak eskainitako materialak erabili ziren: harria eta zura.

Azerien kobako aizkora findua