Atsedenlekuak eta ibilbideak

Antiguo Hospital Minero 

Gallarta auzoaren sarreran, Trianoko Meatze Ospitale zaharraren eraikina dago, Buenos Aires muinoan kokatuta; sarrera horretan, gutxi gorabehera antzinako trenbidearen bideari jarraitzen dion errepidea hartuko dugu; trenbide hori 1876ko maiatzaren 5ean inauguratu zuten, eta burdinaren minerala eramaten zuen Galdameseko meatzeetatik Nerbioi-Ibaizabal itsasadarreko zamatze-lekuetaraino (Sestao). Errepideari jarraituz, udalerriko meatzaldean sartu gara bete-betean.

Aurkituko dugun lehenengo herrigunea Santa Juliana eta Abanto auzoek osatzen dute; bertan, Santa Juliana eliza ikusiko dugu, izen bereko kontzejuaren matrizea; Fernando de Abanto jaunak sortu zuen, Aiarako kondeen ilobak, 1260. urtean, gutxi gorabehera.

Beherago, “Dorrea” deritzon etxean (eraikuntza sendoko etxea), hare-harriz landutako armarria dago; bertan, Salazar eta Muñatones leinuen armak agertzen dira, Salcedo haraneko Montehermosotarren sahatsaren bidez bananduta. Abantotik Putxetara jaitsiko gara, eta auzo horretan Enkarterrietako ohiko baserrien eta meatze etxeen arteko nahaste bitxia ikusiko dugu. Putxetan, Abanto-Zierbenako beste auzo batzuetan bezala (Sanfuentes, Las Carreras, Murrieta), harlangaitzez eraikitako baserria nagusitzen da, hiru isurialdeko teilatuarekin eta fatxadarantz doan “miru buztanarekin”, alboko hormen luzapenen artean hedatzen diren balkoi handiak ditu.

Putxetatik Balastera auzora igoko gara eta, bertan, berriro ere Galdameserako bidea hartuko dugu. Bideari jarraituz, meatze zamatze-lekuen nahiz garbitegien aurrien eta errauste-labeen ondotik igaroko gara; gero, tunel laburra zeharkatu ondoren, Los Castañoseko atseden-eremura iritsiko gara; bertan, askaldegi bat, erretegi batzuk eta trenaren makinak lehen bira egiteko erabiltzen zuen hutsune zirkularra aprobetxatuz egindako urmahel txiki bat daude. Aurrera jarraitu eta, “El Once” izeneko gunetik igaro ondoren (antzinako Labarrieta, minerala Goi Galdameseko meatzeetatik bideraino jaisteko katearen terminalaren hormekin), Cotorrion sartuko gara; mendi zona zabal honetan, barreiaturiko etxeak eta auzuneko antzinako eskola dago, mendiko aterpe bihurtuta.

Sobaco tunela zeharkatu ondoren, Borja bidegurutzera iritsiko gara, eta bertan hiru aukera dago: 1.- Eskuinetara hartu eta Muskizetik Sopuertarako errepidera jaistea. 2.- Aurrerantz jarraitzea, antzinako bidearen kutxatik, inguru politean sartzeko (ikuspegi ederrak Montellanorantz eta Barbadunerantz -meatze ibai nagusia, eta horren ertzean, El Pobal ez ezik errota nahiz burdinola askoren aurriak ere badaude-). 3.- Aukera hau hautatuz gero, ezkerretarantz hartuko dugu Muskizetik Zugaztietara igotzen den basoko bidea; horrek Abanto-Zierbenako gorengo zona zeharkatzen du, sarritan Galdamesekiko muga markatuz.

Horrela, Siete Robles izeneko lekura iritsiko gara, eta horri bertakoek “Campa del Chingao” esaten diote; bertan, jolas-eremu polita dago zuhaitzekin, mahaiekin eta erretegiekin. Bertatik eskuinetara hartuko dugu, eta horrela, Las Cortes auzoa ikusteko aukera ematen duen lepora iritsiko gara; auzo hori zenbait baserrik osatzen dute eta, tradizioak dioenez, zonako burdinola ugariek behar zuten erregaia hornitzen zuten ikazkinen herria izan zen. Bertako etxeetariko batean erdi-puntuko sarrera duen etxe polita dago eta horrek Erdi Aroa dakarkigu gogora.

Leku horretatik ikuspegi bikaina dago, bai Muskizerantz nahiz Abanto-Zierbenarantz, bai Enkarterrietako barruko mendietarantz, Angulo mendirantz eta Sobako mendi kantabriarretarantz (hilabete askotan elurrez beteta).

Bertatik, Trianoko mendilerroko gailurrak igotzen hasi ahal gara: Ventana (527 m), Gallo (616 m), Pastores (679 m) eta Galdames gaina (721 m). Horiek paisaia ixten dute hegoalderantz.

Siete Roblesetik basoko bideari helduko diogu; Las Tobas eta Moruecos izeneko lekuetatik igaroko gara, antzinako meatzeen eta iturburu ugarien ondotik. Apur bat aurrerago, El Cerrillo aurkituko dugu, eta bertan, lehengoaren antzeko atseden-eremua dago. Errepidetik ikuspegi bikainak daude, udalerri ia osoa ikusten baita; atzealdean Zierbena eta Punta Lucero ikusten dira, eta atzerago itsasoa. Mendebalderantz, hurbil-hurbil, Castro Urdiales dago, eta ekialdean Txorierriko harana eta itsasadarraren eskuineko aldeko herriak. Campa del Cuadro izeneko lekuan, Peñas Negrasen behealdean, beste askaldegi bat dago, eta Urtuellarekiko eta Galdamesekiko udal mugartea ere bai.