Gertakariak

 

 

ABANTO ZIERBENAGUNEAK

Oinarriak-Eskaera-Argazki eta planoak

1. Aurkezpena
Abanto Zierbenako Udalak abian jarri du Abanto Zierbena GUNEAK lehiaketaren lehen edizioa. Udalerriko hiri-diseinuan herritarrek parte hartzea sustatzen du.
Hiri-esparruan herritarren parte-hartzea bultzatzeko beharra agerian den unean deitu da lehiaketa, besteak beste, espazio publikoen diseinua udalerriaren errealitate sozialera egokitzeko eta, horrela, nortasuna eta identitatea osatzeko.
Lehiaketaren xedea da gutxi erabiltzen diren edo aprobetxatzen ez diren eremuak berreskuratzea eta dinamizatzea, erabilera publikorako. Helburua da hirigintzaren diziplina beste zientzia eta arte batzuetara zabaltzea, eta, era berean, Abanto Zierbena udalerriko 3 gune esanguratsu berreskuratzea:
1. Dolores Ibarruri plaza (Gallartako Txikito frontoia)
2. Trinitate plaza (Las Carreras)
3. Frontoi plaza (Sanfuentes)

2. Parte-hartzaileak
Lehiaketa publikoa da, diziplina artekoa eta jende guztiari irekia, banaka zein taldeka aurkeztu; beraz, pertsona fisiko zein juridikoak (profesionalak, autonomoak, elkarteak eta/edo herritarrak, eta abar) etor daitezke, banan-banan nahiz taldean.
Parte hartu nahi dutenek ezingo dute herri-administrazioarekin kontratuak egiteko debekurik izan, aplikatu beharreko legeriarekin bat etorriz.

3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Parte hartu nahi dutenek honako dokumentazio hau aurkeztuko dute:
a) Proiektuaren dosierra. Bertan jaso beharko dira material guztiak (grafikoa, literarioa, arkitektonikoa, historikoa eta abar), adierazitako kokaguneren bat edo batzuk hobetzeko ideiaren edo proiektuaren adierazgarri.
Komeni da proiektua egiteko gastuen batez besteko balorazioa egitea. Antolakuntzak gomendatzen du hori, baina ez da ezinbesteko baldintza ideiak aurkezteko.
Materiala laburbilduta aurkeztu beharko da, gehienez ere DIN A3 orri etzan
batean. Horrekin batera, DIN A4 orri bat aurkeztuko da, proposamena argudiatzekoak eta, hala badagokio, zenbatetsitako aurrekontua jasotzen dituena.
b) Parte-hartzaileak identifikatzeko datuak I. eranskinean (“Parte-hartzailearen fitxa”) jasoko dira, eta dokumentu horretan besterik ezingo da kontsignatu. Gainera, aurrekoetatik bereizita aurkeztu beharko da, epaimahaiak ez dezan jakin nor diren egileak. Identitate-datu horiek aipatu fitxan adieraziko dira; bereziki, honako hauek:
1. parte-hartzaileen izen-abizenak
2. helbidea
3. posta elektronikoa
4. telefono finkoa eta sakelakoa
Datu horiek ezingo dira agertu proiektuaren dosierra osatzen duten dokumentuetan.
Parte-hartzaileek emandako datuen egiazkotasun faltak eskumena emango dio Abanto Zierbenako Udalari, horiek deialditik baztertzeko, zein fasetan dauden gorabehera.
Abanto Zierbenak eskumena du erabakitzeko aurkeztutako dokumentazioa nahikoa den eskatutako baldintzak betetzat jotzeko.
Proiektuaren antolatzaileek konfidentzialtzat joko du enpresak, pertsona fisikoak edo elkarteak emandako barneko informazioa.
Parte-hartzaileen proposamenekin baloratu beharreko irizpideetan galdera-sorta zabala dago, balorazio-irizpideen atalean jasotzen den bezala.

4. Dokumentazioa aurkeztea
Materiala hiru modutan aurkez daiteke:
1. Aurrez aurre, Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoetan: Minero etorbidea 2, 48500 Abanto Zierbena, 07:30etik 14:30era.
2. Posta elektronikoz, helbide honetara: haz-sac@abanto-zierbena.org
3. posta arruntez edo mezuen bidez. Parte-hartzaile bakoitzari dagokio ziurtatzea dokumentazioa 1. puntuan adierazitako helbidean aurkeztu dela, horretarako ezarritako epean. Abanto Zierbena GUNEAK lehiaketako antolatzaileek ez dute inolako erantzukizunik izango, posta elektronikoz igortzen den dokumentazioa galtzen bada.
Edozein programa hauta daiteke, baina artxibo guztien gehienezko pisuak 5 MBkoa izan behar du. Gomendatzen da inprimatzeko formatu errazak erabiltzea (PDF, esaterako).

5. Argitaratzeko datak eta aurkezteko epea
Deialdia jendaurrean ikusgai jarriko da, Udalaren webgunean: www.abanto-zierbena.org
Proiektuak 2015/02/20tik 2015/05/15era bitartean aurkeztu ahal izango dira. Eskuz aurkezten badira, aurreko atalean ezarritako ordutegia bete beharko da.
Kokaleku bakoitzerako proposamen irabazleak webgune honetan argitaratuko dira: www.abanto-zierbena.org
Deialdia amaitu ondoren, 7-8 asteko epean, 3 proiektu irabazleen berri emango da.

6. Baloratzeko irizpideak eta aukeratzeko prozedura
Proiektu onenak aukeratuko dira, honako baldintza hauen arabera:
1. Kalitate artistikoa: epaimahaiak baloratuko du proiektuek zer-nolako gaitasuna duten inguru horiek eraldatzeko, eta horiei nortasuna eta zentzua emateko. Udalerriko potentzial semantikoa indartzen duten proiektuak baloratuko dira bereziki.
2. Dinamismoa: oso kontuan hartuko dira aurkeztutako proposamenek dinamizatzeko potentziala izatea eta proposatutako kokaguneetarako garapen ekonomikoko eta sozialeko helburuak.
3. Bideragarritasuna: proiektua errealitate fisikora hurbiltzen duen informazio orok oso balorazio ona izango du. Arreta berezia emango zaio proiektua mantentzeko alderdiei, esku-hartzea erabakiko balitz.
4. Ikusgarritasuna: aintzat hartuko dira proiektuak, betiere proposatutako eremuak integratu eta dinamizatzen badituzte.
5. Berrikuntza: oso ondo baloratuko dira udalerria hobetzeko ideia berriak jasotzen dituzten proposamenak.
6. Iraupena: proposamenak iraunkortasuna dakarten irtenbideak izango dira.
7. Iraunkortasuna: material eta teknika iraunkorrak erabiltzea baloratuko da.
8. Diziplinartekotasuna: kontuan hartuko da proiektuek hainbat diziplina elkartzeko eta arteak nahiz teknikak batzeko duten gaitasuna; zehazki, ohiko hirigintza-tresnetatik harago joatekoa.
Baloratzeko prozesua
Aurkeztutako proiektuen balorazioa bi fasetan egingo da, eta bakoitzean epaimahai bat egongo da:
1. fasea: herritarrek bozkatzeko prozesu irekia abiaraziko da, herritarren ustez, kokaleku bakoitzerako proposamenen artean balorazio onena merezi duena hautatzeko. Herritarrek parte-hartzeko prozesua irekia izango da, eta hainbat udalerritan egingo da. Horietan, papertxoen bidez zein web orri honen bidez bozkatu ahal izango da: www.abanto-zierbena.org herritarrek bozkatzeko aukera duten artean. Herritarren onarpena izango dute epaimahaiak emandako azken botoen % 25 dutenek.
2. fasea: azken epaimahaiak aukeratuko ditu hiru proposamen irabazleak: kokaleku bakoitzeko bat. Amaierako epaimahaian egongo dira Abanto Zierbenako Udaleko Obrak eta Zerbitzuak Arloko ordezkariak, Abanto Zierbenako Merkatarien Elkarteko ordezkaritza bat, UPV/EHUko arte ederretako eskumeneko ordezkari bat eta hiri- eta arkitektura-kulturako bi pertsona independente ezagun.
Finalisten aurre-aukeraketa: kokaleku bakoitzeko 10 proposamen baino gehiago aurkezten badira, epaimahaiak aldez aurretik aukeratuko ditu kokaleku bakoitzerako 10 proiektu finalistak.

7. Abanto Zierbena GUNEAK sariak
Proposamen finalista bakoitzak EHUN EUROKO (100,00 €) saria jasoko du. Opari-txarteletan emango da eta Abanto Zierbenako Merkatarien Elkarteko saltokietan gastatu ahal izango dira.
Kokagune bakoitzean irabazten duen proposamenak beste MILA EURO (1.000,00 €) jasoko ditu.
Sari horiei dagokien araudi fiskala ezarriko zaie.
Sari horrek ez du nahitaez ekarriko berau gauzatzea, hau da, ez du antolakuntza behartzen proposatutako ideia gauzatzera.
Abanto Zierbenako Udalak beretzat gordetzen du lehiaketara aurkeztutako irudien
inguruko nahiz material guztia erreproduzitzeko eta argitaratzeko eskubideak. Are gehiago, kokagune bakoitzean finalista suertatu diren hiru proposamenak ikusgai jarriko dira, denbora batez, Udaleko zentroetan, kasuan kasuko kokalekuaren inguruko herritarrak jakitun egon daitezen.
Ezingo da saria banatu gabe utzi.

8. Jabetza industriala eta intelektuala
Aurkezten diren lanek erabat bermatu beharko dituzte hirugarrenen jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideak.
Horiek horrela, parte-hartzaileak aitortuko du haren exekuzioari dagozkion jabetza intelektualaren eta industrialaren eskubide guztien titularra dela. Hala, Abanto Zierbenak ez du inolako erantzukizunik izango, izan zuzenean, izan zeharka, diseinua aukeratzean eta ustiatzean sor daitekeen edozein eztabaidari, ika-mikari eta/edo liskarri dagokionez.
Azken emaitza edozein helburutarako erabili ahal izango da, merkataritza-helburuetarako ere bai.
9. Datak eta lekuak
Abanto Zierbenako Udalak 2015eko otsailetik apirilera bitartean antolatuko du deialdia.