Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak duela 6 urtetik dihardu Zainduz programa lantzen. Egitasmo garrantzitsua da, mendeko pertsona bat zaintzen duten bizilagun guztiei laguntza zuzena ematen baitzaie. Honako jarduera hauek hartzen ditu: informazioa, orientabidea, sentsibilizazioa, boluntariotza, prestakuntza eta laguntza psikologikoa. Programaren helburua da mendeko pertsonaren, zaintzailearen eta familiaren bizi-kalitatea hobetzea.

Ildo horretatik, abian da aurtengo lehenengo sei hiletarako programazioa. Barrea aliatu handia da kasu zail horietarako; beraz, martxoan barreterapia-tailer bat egingo da arratsaldeko seietatik zortzietara, Gallartako Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkartean, eta biztanle guztientzat irekita egongo da.

“Gure helduei lagundu behar diegu jarduera psikofisikoekin, haien egoera fisikoa eta mentala hobetuko baitira horrela, baina zaintzaileak ere babestu egin behar dira, laneko errutina gogorretik atera, deskonektatzeko premia dute eta”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Jardueretako asko, beraz, zaintzaileentzat dira. Cotarro auzoan, Gallartako erretiratuen elkartearen lokal zaharrean, zaintzaileentzako gizarte-topaketa bat egingo da martxoan.

“Frogatuta dago egoera berean dauden beste pertsona batzuekin eguneroko gorabeherez hitz egiteak lagundu egiten duela. Zalantzak argitzeko, esperientziak partekatzeko eta adierazteko aukera dute; labur esanda, husteko eta hobeto sentitzekoa”, adierazi du Etxebarriak.

Tailerrak Zainduz programaren funtsezko zati bat dira. Apirilaren 5ean, 12an eta 26an eta maiatzaren 3an erlaxazio-ikastaro bat antolatuko da arratsaldeko bostetatik sei eta erdietara, Gallartako erretiratuen elkartearen lokal zaharrean. Erlaxatzen ikastea oso garrantzitsua da muturreko estres psikologikoa duten pertsonentzat; horixe gertatzen da, adibidez, erabat gure mende dagoen pertsona bat zaindu behar dugunean. Oso garrantzitsua da zaintzaileek beren burua ez bazter uztea eta senitarteko gaixoaren zaintza absolutuan ez galtzea; horregatik, maiatzaren 17an eta 31n eta ekainaren 17an, arratsaldeko bostetatik sei eta erdietara, hainbat gako emango zaizkie norberaren burua zaintzeari dagokionez, zeregin zail horretan hobeto molda daitezen eta egiteko horri hobeto aurre egin diezaioten.

Laguntza psikologikoa ezinbestekoa da; neke fisikoak eta mentalak osasun-ondorioak ekar diezazkiekete zaintzaileei, estresa, antsietatea eta depresioa kasurako. Hori ikusirik, bada, zaintzaileentzako lasaitze-eremuak sortu dira. Otsailaren 23an, martxoaren 22an, apirilaren 19an, maiatzaren 24an eta ekainaren 14an, arratsaldeko lau eta erdietatik seietara, psikologo batek taldeko saio bat emango du Gallartako erretiratuen elkartearen lokal zaharrera biltzen diren guztientzat.

Zainduz foru-programa bat da, familiaren baitako mendekotasunaren arloan laguntzeko xedea duena. Hain zuzen ere, mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko udal-zerbitzua da. Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenean jasota daude 2015ean eta 2016an egindako jarduerak. Aurkeztutako proiektuaren kostua 17.360,00 eurokoa da guztira, eta Foru Aldundiak 3.475,20 euroko diru-laguntza eman du.  

 Ekintza egitaraua (PDF 368KB)