Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak berriz ere kasu egin die herritarrei, eta, Bizkaiko Foru Aldundiarekin negoziatu ostean, azkenean lortu du foru-erakundeak semaforoa jartzea Santa Juliana auzoan oinezkoentzat dagoen pasabidean.

“Herritarrek hainbat eskaera egin ondoren, aztertu egin ditugu BI-2575 errepideak Santa Juliana auzoa igarotzean duen tarteko oinezkoen pasabidean dauden arazoak. Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Lan eta Garraio Sailak ditu errepidearen eskumenak. Foru-erakundearekin harremanetan jarri ginen, eta erabaki genuen trafikoa antolatzeko semaforo bat jartzea zela irtenbide onena egunero gune hori igarotzen duten oinezkoen segurtasuna bermatzeko”, azaldu du Auzoen zinegotzi Jon Cuestak.

“Eremu horren arazo nagusia da bertatik igarotzen diren ibilgailu asko azkarregi doazela. Horri gaineratu behar zaio zebra-bidetik ez dela askorik ikusten, seinale bertikalak egon arren; beraz, gune hori ez da segurua oinezkoentzat. Hori aldatu egin behar zen, eta, semaforoa ezarrita, pasagune hori seguruagoa izatea lortu dugu. Autoek motelago joan beharko dute, ez dute beste erremediorik izango, eta oinezkoen joan-etorria arautuko da. Guztiok irabaziko dugu bide-segurtasunean”, jakinarazi du Auzoen zinegotziak, Jon Cuestak.

Hasiera batean, Foru Aldundiak proiektu bat prestatu zuen igarobide horretan semaforoak jartzea bideragarria ote zen aztertzeko, irtenbide onenaren bila, eta azterlanak egin ditu errepide-tarte horren ikusgaitasunari, trafiko-intentsitateei, geometriari eta istripu-tasari buruz. Horrez gain, semaforoa jartzea zenbat kostatuko litzatekeen ere aztertu du.

“Aldundiak kontuan hartutako irizpideetako bat, kasu honetan garrantzitsuenetakoa, oinezkoak harrapatzearena da. Azterketa horren ondorioz, ikusi da semaforoa duen oinezkoentzako pasabidea jartzea dela hoberena”, azpimarratu du Jon Cuestak.

“Santa Julianan semaforo hori ipintzeko lanen kostua 26.000 eurokoa izango da ia-ia. Bizkaiko Foru Aldundia laster hasiko da semaforoa jartzeko lanetan, eta, jarduketa horrekin, Santa Julianan BI-2757 errepidea zeharkatu behar duten oinezkoen segurtasuna hobetuko du”, esan du, azkenik, Cuestak.