Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, urte berri honi hasiera emateko, bederatzi prestakuntza-ikastaro antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sailaren Lan Berri programaren barruan. Ikastaroen helburua da udalerriko langabeziarekin amaitzea, eta Aldundiak 75.000 euroko diru-laguntza eman du horiek gauzatzeko. Hartara, prestakuntza jasoko dute Abanto Zierbenako 135 langabetuk, lan-merkatu arruntean errazago sartu ahal izan daitezen.

Proiektua gure udalerriko gizarte-talde ahulenei eta langabeziaren eragina gehien jasan dutenei zuzenduta dago, hala nola, 45 urtetik gorako langabetuei, aspalditik langabezian daudenei edo bazterkeria-arriskuan daudenei.

Ekimen honen lehenengo lan-ildoaren ezaugarri bereziena da emakumeen lan-merkaturatzea sustatzea duela helburu; horretarako, erakunde sozialetan menpekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko ikastaro bat egingo da. Udalerriko emakume langabetuentzat da; izan ere, emakumeen langabezia-tasa gizonezkoena baino 1,5 portzentaje-puntu altuagoa da.

“Urtarrilaren 26ra arte eman daiteke izena ikastaroan, eta % 100ean diruz lagunduta egongo da. Urtarrilaren 30ean hasiko da eta maiatzaren 26an amaitu, eta 370 eskola-ordu eta 80 praktika-ordu izango ditu. Guztira 15 pertsonentzako lekua egongo da. Ikastaroaren helburua da emakume horiek beren Enplegua Bilatzeko Plana diseinatu eta praktikan jartzeko gai izatea, modu aktiboan eta behar bezala planifikatuta, aztertuta eta ebaluatuta. Ikastaroan, gainera, profesionaltasun-ziurtagiri bat eskuratuko dute, eta horrek adinekoen egoitza edo eguneko zentroren batean lana aurkitzeko aukera emango die. Ia 50.000 euro inbertitu behar dira; ahalegin handia eskatzen du, baina merezi du. Prestakuntza da enplegua lortzeko bidea”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Bigarren lan-ildoak iraupen laburreko (20 eta 45 ordu bitarteko) 8 prestakuntza-ekintza barne hartuko ditu, zeharkako gaitasun deiturikoei buruzkoak. Zeharkako gaitasunak dira hainbat konplexutasun-mailatako laneko egoerei erantzuna emateko behar diren ahalmenak, trebeziak eta irismen handiko jarrerak.

Gaitasun teknikoak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak ere egongo dira, gure inguruko enpresetan hauteman diren behar zehatzei erantzuna emate aldera.

Ikastaro bakoitzean 15 pertsonak parte hartu ahal izango dute; horrenbestez, aipatutako gizarte-taldeetako 120 pertsonari emango zaie zeharkako gaitasunei eta gaitasun teknikoei buruzko prestakuntza. Ikastaro-bloke hori gauzatzeko aurrekontua 25.000 eurokoa da.

Zeharkako gaitasunen prestakuntza-ekintzen artean joera aldatzeko edo talde-lanera bideratutako motibazio-tailerra nabarmendu dezakegu. Bertan, gainera, lidergoa eta denboraren kudeaketa izango dira aztergai, biak ala biak oso garrantzitsuak lantaldeak gidatzeko garaian.

“Gaitasun teknikoen arloan eskola-jantokiko laguntzaile eta jardueren dinamizatzaile izateko ikastaro bat ere emango dugu. Bertan, parte-hartzaileak jantoki batean lan egiteko gaituko ditugu, eskolako haurrei arreta emanez, modu dibertigarri eta elikagarrian, parte-hartzaileek dietak egiten ere ikasiko baitute. Enplegua lortzeko beste bide bat ere irekiko dugu, UNE araudiaren araberako eskorgak maneiatzeko ikastaroarekin. Horri esker, ikasleak gai izango dira 10.000 kg-ra arteko manutentzio-eskorgako langile gisa aritzeko hainbat sektoretako enpresen muntaia-linea edo biltegietan; sektore horiek dira logistika, merkataritza-guneak, ekoizpena-muntaia eta mantentze-lanak”, jakinarazi du Etxebarriak.

Ikastaro zehatzenetarikoa zuntz optikoaren instalazioari buruzkoa da. Hauek dira ikastaroan parte hartzeko baldintzak: 45 urtetik gorako langabetua izatea, aspalditik langabezian egotea edo bazterkeria-arriskuan egotea; horrez gain, prestakuntza edo aldez aurreko esperientzia eduki beharko dute telekomunikazio- eta informatika-sistemetan, instalazio elektrikoetan edo antzekoetan. Ikastaroaren helburua da enplegagarritasuna hobetzea, ikasleei FTTH (Fiber To The Home) sarearen espezifikazio teknikoei buruzko ezagutzak emanez, Movistar edo Orange bezalako operadoretan lan egin ahal izan dezaten.

“Gero eta zuntz optiko gehiago instalatzen da; beraz, une honetan etorkizun eta lan-irteera onak ditu lanbide horrek. Aukera onak eskaintzen ditu, halaber, UNE arauaren araberako garabiak edo plataforma maneiatzeko ikastaroak; horren bidez, Langileak Jasotzeko Plataforma Mugikorretako (PEMP) langile bihurtu ahal izango dira ikasleak, UNE-EN 280 arauan zehaztutako plataforma multzo eta motetan lan egiteko, muntaiaren eta mantentze-lan metalikoen, eraikuntzaren eta mantentze-lan elektrikoen sektoreetan. Ikastaro horiek 2017ko otsailean hasiko dira. Herriko langabetu guztiak animatzen ditugu Udalaren prestakuntza-eskaintza guztien zerrenda ondo begiratzera, ezagutza gehiago berenganatu eta lan-mundura sartzeko aukera handiagoa izan dezaten. Gure konpromisoa da Abanto Zierbenako enplegagarritasunaren alde lanean jarraitzea, eta, horretarako, enplegurako prestakuntza sustatzen jarraituko dugu, hori baita lanpostu bat lortzeko biderik onena. Azkenik, publikoki eskerrak eman nahi dizkiogu Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sailari, Lan Berri programa diruz laguntzeagatik”, esan du, amaitzeko, alkateak.