Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak aurrekontu-partida garrantzitsua bideratuko du 2017 ekitaldian udalerriko elkarte-sarea eta gizarte-arloko proiektu guztiak sustatzeko. Hain zuzen ere, berdintasunaren, hezkuntzaren, gazteriaren, garapenerako lankidetzaren, kulturaren eta kirolaren alde lan egiteko laguntzak emango ditu. Meatzaldeko udal honek 169.194 euro jarriko ditu, guztira, diru-laguntzak eskatzen dituztenen esku.

“Udalerriko elkarte askok eta hezkuntzaren, euskararen edo lankidetzaren arloko proiektu askok aparteko laguntza ekonomikoak behar dituzte aurrera egiteko eta ondo funtzionatzeko. Hori dela eta, Udaletik lagundu egin nahi diegu, diru-laguntza handiak emanez. Ikastetxeetako ikasleek eta udalerriko hainbat taldek jasoko dituzte laguntza horien onurak, eta hori da neurri honen alderdirik garrantzitsuena”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Diru-laguntza horien bidez, Udalak babesa eman nahi die herriko elkarte guztiek Abanto Zierbenaren alde egiten dituzten ekimen, proiektu eta programei. Bereziki nabarmentzekoak dira udalerriko Lehen Hezkuntzako lau ikastetxetako, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bateko eta haurreskola bateko guraso-elkarteekin sinatuko diren lankidetza-hitzarmenak. Horri esker, guztira 40.553 euro banatuko dira, diru-laguntzen bidez, ikastetxe horien artean. Udal-ekarpen handi hori onuragarria izango da Haur eta Lehen Hezkuntzako 711 ikaslerentzat, Bigarren Hezkuntzako 267 ikaslerentzat eta Haurreskolako 18 haurrentzat. Zuzeneko laguntza ekonomiko horren helburua izango da eskolaz kanpoko jarduerak ordaintzen laguntza behar duten ikasleei.

Hainbat ekintzatarako diru-laguntzak emateaz gain, kasurako ikasturte amaierako jaialdirako edo inauterietarako, Udalak ordainduko du hitzarmenean parte hartu duten Haur eta Lehen Hezkuntzako lau ikastetxeetan bi urteko haurren gelan laguntzaile bat jartzeko kostuaren % 50.

Ereduzko udalerri izateko oinarrietako bat da hezkuntza sustatzea, eta bestea kalitatezko gizarte-zerbitzuak bermatzea. Abanto Zierbenako gizarte-zerbitzuak oso onak dira, baina, hala ere, Udalak ia 15.000 euroko diru-laguntza bideratu nahi izan du udalerriko adineko eta desgaituentzat. Laguntza-partida horren beste zati handi bat gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egiten den lanera bideratuko da. Hain zuzen ere, emakumeen parte-hartze handiagoa eta aukera-berdintasuna lortzeko lan egiten duten udalerriko emakumeen elkarteek jaso dute diru-laguntza, guztira 12.600 eurokoa.

“Udalerriko gazteentzako proiektuek 2.000 euro jasoko dituzte, baita jaietarako beste zenbait laguntza zehatz ere. Udalerriko elkarte eta talde guztiek egiten duten etengabeko ahalegina eta lana, eta haien dedikazioa, aintzatetsi nahi ditugu; izan ere, helburu bakarrarekin lan egiten dute: laguntzea”, adierazi du Etxebarriak. 

Konpromiso sendoa dugu Abanto Zierbenako herritarrek euskara ikas dezatela sustatzearekin; horren erakusgarri dira urtero-urtero udal-euskaltegiko ikasleei ematen dizkiegun bekak. Horrez gain, 2.000 euroko aparteko diru-laguntza emango diogu, iaz bezala, Axola Euskara Elkarteari, eta jaietan egiten dituzten ekitaldietarako laguntzak ere bai.
“Kasu horietan, diru-laguntzaren helburua da elkarteek beren gastu arruntak ordaindu ahal izatea, gauzatzen duten jarduera ahalik eta ondoena egiteko. Laguntza-partida handienetako bat kirola sustatzeko jardueretara bideratutakoa da; horren aurrekontua 16.700 eurokoa da. Iaz 15 kirol-elkartek jaso zituzten laguntzak”, gogorarazi du alkateak.

Kulturak ere bultzada bat merezi du; hori dela eta, 6.800 euro bideratuko dira musika eta dantza sustatzeko jardueretara, 25.000 euro haur nahiz helduentzako arte plastikoen eta pinturaren arloko prestakuntza-tailer eta aisialdi-jardueretara, eta beste 7.000 euro bestelako kultura-ekimen batzuetara. 2016an, guztira 13 kultura-elkartek jaso zituzten laguntzak.

“Oso garrantzitsua da, halaber, Abanto Musika Eskolarekin dugun hitzarmena; horren bidez, 32.352 euroko diru-laguntza emango diogu, musika-hezkuntza ez-arautuaren eskaintza zabala izan dezan eta banaka nahiz taldean musika-tresnak jotzen ikasteko eskolak eman ahal izan ditzan. Hitzarmen horri esker, Abanto Zierbenako familien kuota merkatu egiten da, herritarrek musika ikasteko aukera izan dezaten. Horrez gain, Abanto Musika Eskolak inauterietan edo herriko jaietan parte har dezan ahalbidetzen da, edo herriko kaleetan kontzertuak eman ditzala, nola ikasleak hala udalerri osoa aberastuz”, adierazi du Etxebarriak.

Aurten, laugarren aldiz, Udalak hitzarmen bat sinatuko du Beti Abanto Sahararekin Elkartearekin. Hala, jarraipena emango zaio Udalaren eta saharar kanpamenduak dauden udalerriaren (Chederia, Smara probintzian) arteko senidetze-itunari. Horretarako, 10.000 euro bideratuko dira aurten.

“Diru-laguntzak ematean ez dugu kanpora bakarrik begiratzen, barrura ere begiratzen dugu; horregatik, ia 32.000 euro emango dizkiogu Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioari. Etorkizunean egingo den Euskal Herriko meatzaritza-parkearen xedeetako bat da eskualdeko ekonomiaren eragile bihurtzea; alabaina, ordura arte, egungo museoa zaintzen lagunduko dugu, hark gure historia zaintzen baitu”, esan du amaitzeko Etxebarriak.