Albisteak

 

Gazte Lokalak proiektuak gazteentzako udal-lokalak eskaintzen dizkie udalerriko lagun taldeei, aisialdiko lokal tradizionalen alternatiba gisa. Ekimena duela lau urte jaio zen; hasiera batean, bost lokal jarri ziren Alberto Ezkurdia parkean, eta ordudanik ekimena hain izan da arrakastatsua non gaur egun 7 lokal baititugu Gallartan eta, 2016tik, 3 lokal Las Carrerasen.

Orain, otsailean, hirugarren zozketa egingo da izena eman duten kuadrillen artean; hain zuzen ere Gallartako Alberto Ezkurdia parkeko bi lokal zozkatuko dira.

“Gazteen hirugarren txanda da. Guztira, 10 lokal ditugu gure gazteentzat. Argi dago Gazte Lokalak gelditzeko iritsi zirela”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Gaur egun, 95 gaztek erabiltzen dituzte lokalak, horietatik 60k Gallartan eta 35ek Las Carrerasen. Gainera, ez dugu ahaztu behar dagoeneko 80 gazte igaro direla proiektutik.

“Gazte Lokalak ekimenak martxan daramatzan lau urte hauetan zehar, balantzea benetan ona da, bikaina da. Udalerriko 175 gaztek hartu dute parte, eta gaur egun 95 gaztek erabiltzen dituzte haiek pentsatutako eta haiek erabiltzeko aisialdi lokal hauek. Are gehiago, ekimenak udalerriko gazteen artean duen arrakastaren adierazle, Gallartan irekitako lokalak eskuratzeko zozketan, 16 kuadrilla aurkeztu ziren 5 lokaletako bat eskuratzen saiatzeko", adierazi du Etxebarriak.

Gazte Lokalak nork erabiltzen dituen aztertuta, ikus daiteke azkenean neska baino mutil gehiagok erabiltzen dituztela; 30 neska eta 45 mutil daude, hain zuzen ere. Hori horrela da une honetan modulurik handiena mutilen kuadrilla handi baten esku dagoelako. Hala ere, nabarmendu beharra dago Gallartan eta Las Carrerasen nesken bi kuadrilla daudela.

“Gazteriaren aldeko apustuari eusten diogu; kalitatezko aisialdia eskaini nahi diegu. Garrantzitsua da lagunekin egoteko toki bat izatea etxetik gertu, haien ingurunetik ateratzeko beharrik gabe. Gallartako moduluek maizter berriak izango dituzte laster”, adierazi du Etxebarriak.

Programaren beste helburu bat da gazteak udalerriko bizitza aktiboan inplikatzea; hori dela eta, joan den urtean, Gazte Foroan proposatutako Kuadrillen Ligaren I. edizioa egin zen. Ekimen horrek gazteei parte hartzeko aukera eman zien. Haien parte-hartzea sustatzen jarraitzeko, berriz ere lokalen zozketan parte hartu ahal izango dute.

“Teilatu beraren azpian lagunekin aisialdiaz gozatzeko aukera izatea da ekimen honen helburua. Ekimena egunez egun sendotzen doa, eta gazteek gero eta gehiago eskatzen dute. Zozketa otsailean egingo da, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, izena eman duten 9 kuadrillen artean. Zotzak boteak dira. Etorkizuneko maizterrek 18 eta 30 urte artean izan beharko dituzte eta udalerrian bizi beharko dute”, esan du bukatzeko Etxebarriak.