Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak eta Ur Partzuergoak hitzarmen bat sinatu dute Las Carrerasko Las Carolinas auzoko instalazioak berriz urbanizatu eta hobetzeko.

“Ur Partzuergoak Enkarterriko sare nagusia hornitzeko obrak egin ditu, eta gure udalerriak hainbat eragozpen izan ditu lan horien ondorioz. Negoziatzeko garai ona zen, eta horixe egin dugu. Hain zuzen ere, Ur Partzuergoarekin hitzarmen bat egin dugu Las Carolinas auzoa biziberritzeko. Modu horretara, gainera, bizilagunen eskaerei erantzuna eman diegu. Ia hamar familiarentzat onuragarria izango da auzo hori hobetzea”, azaldu du Jon Cuestak, Auzoetako zinegotziak.

Proiektua irailetik aurrera lizitatuko da eta 100.000 euroko aurrekontua izango du; % 50 Udalak ordainduko du, eta gainontzekoa Ur Partzuergoak.

“Auzoaren saneamendua, ur-instalazioak eta zoladura berritu behar dira. Hitz batez, inguru hori guztia leheneratuko da”, adierazi du Jon Cuestak.

Proiektua aktibatu ondoren, lanak bukatzeko epea hiru hilabetekoa izango da, auzotarrek ahalik eta eragozpen gutxiena izan dezaten.

“Las Carolinas auzoko bizilagunek beren auzoaz gozatzea eta eguneroko bizimodua hobetzea nahi dugu. Lan hauekin, inguru hori biziberrituko dugu eta haien eskaerei erantzuna emango diegu”, esan du, azkenik, Jon Cuestak.