Albisteak

 

Ostiral goizean, Abanto Zierbenako udaletxean egin zen osoko bilkuran, udal-aurrekontua aldatu zen eta diruzaintzan lortutako soberakina kreditu gehigarri gisa sartu; soberakin hori milioi bat euro baino gehiagokoa da. Aparteko diru horri esker, aurreikusitako jarduketez gain, beste sei gauzatu ahal izango dira 2017an. Obra horiek udalerriaren irisgarritasuna hobetu eta herria edertuko dute.

“Lortu dugun superabita proiektu eta obratan inbertituko dugu zuzenean, Abanto Zierbenako herritar guztien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz. Ia 300.000 euro erabiliko dira Udalaren kirol-instalazioak hobetzeko. Uda honetan, uretako haur-jolasak jarriko dira igerilekuetako solariumean eta, horrez gain, Gallartako Txikito pilotalekuko taberna berrituko da”, azaldu zuen Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Inbertsiorik handienetakoa udalerriko kale eta auzoak eta bertako hiri-altzariak berritzeko egingo da. Horretarako aurrekontu-partida 600.000 eurokoa da. Komun publiko bat jarriko da Gallartako Blasco Ibañez parkean. La Trinidad plaza ere goitik behera eraberrituko da; zoladura konponduko da eta argiak eta saneamendu-sarea aldatuko dira.  Triano, Picón eta Las Calizas auzoetako ur-hornidura ere aldatu egingo da pixkanaka, faseka.

Horrez gain, Udalak arreta berezia eman nahi izan dio irisgarritasunari.

“283.000 euro gordeko ditugu Blasco Ibañez kalea eta El Minero etorbidea lotuko dituen igogailu bat jartzeko; horrela, gaur egun dauden oztopo arkitektonikoak saihestuko ditugu, hala nola eremu horretako bi etxebizitza-blokeen artean dagoen ezponda. Igogailua Gallartako Txikito pilotalekuaren parean egongo da. Herrian mugitzeko erraztasunak eman nahi dizkiegu adineko herritarrei edo mugikortasun-arazoak dituztenei, eta honakoa urrats garrantzitsua da bide horretan; herritarrek eskatzen zuten igogailua, eta orain, aparteko diru honi esker, gauzatu ahal izango dugu azkenean”, adierazi zuen Etxebarriak.

Udaleko diru-kutxetan milioi bat euro baino gehiagoko soberakina geratu da; horri esker, aurreikusitako jarduketez gain, beste sei gauzatu ahal izango dira 2017an. Obra horiek udalerriaren irisgarritasuna hobetu eta herria edertuko dute.