Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Lanbideren laguntzarekin, aurten ere Abanto Lan proiektua gauzatuko du. Enplegua sortzeko programa berriz ere abian dago. Oraingoan, 26 lanpostu berri izango dira, langabezian dauden udalerriko herritarrentzat.

“Abanto Lan 2017 hobekuntza eta berritasunez beterik dator. Egingo diren kontratuak ez dira hiru hilabeterako izango, sei hilabeterako baizik; hau da, iraupena bikoitza izango da. Langabezian dauden udalerriko herritarrei herria utzi gabe lanpostu bat lortzen laguntzeko proiektu garrantzitsu honen aurrekontua 220.000 eurotik gorakoa da. Lanbidek finantzatuko du lehen fasearen exekuzioa (141.000 euro); Udalak, berriz, bigarren fase osoa finantzatuko du (82.000 euro baino gehiago). Inbertsio handia da, baina enplegua sortzeko eta langabezian dauden herritarrei laguntzeko gure konpromisoa are gehiago sendotzeko balioko du”, jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Kontratazioak urrian hasiko dira, datorren urteko irailera arte. Lehen fasean, 17 pertsona kontratatuko dituzte. Laguntza anitzeko 8 peoi, udal-ondarearen mantentze-lanez eta birgaitzeaz ardura daitezen. Horrez gain, laguntza anitzeko peoien taldea zuzentzeko arduradun bat ere behar da. Abanto Zierbenako Udala, halaber, gertuko 6 agente zibikoren bila ari da; gainera, agente zibikoen taldearen koordinatzaile-posturako kontratu bat ere eskainiko du. Gogoan izan beharra dago agente zibikoen programa bereziki emakumeei zuzenduta dagoela.

“Gizarteko esku-hartzeko teknikari bat txertatu nahi dugu, gizarte-diagnostikoa eta komunitateko esku-hartzea egin dezan; hau da, Abanto Zierbenako emakume alargunek dituzten gizarte-beharrizanei buruzko ikerketa bat egin nahi dugu. Gainera, udalerriko landa-eremuei buruzko gizarte-diagnostiko bat ere egin beharko du. Gure asmoa da alargunen kolektiboak duen egoerari buruzko erradiografia xehatu bat eginaraztea, baita landa-eremuetako beharrak azter ditzala ere”, azaldu du Etxebarriak.

Abanto Lan programaren bigarren fasea datorren urteko apirilean hasiko da, eta 9 pertsona kontratatuko dira; kasu honetan, laguntza anitzeko 8 peoi eta taldeburu bat kontratatuko dira. Lanaldiak lanpostu bakoitzaren araberakoak izango dira: peoiek, agente zibikoek eta gizarte-arloko teknikariak astean 20 orduz egingo dute lan; arduradunek eta agente zibikoen koordinatzaileek lanaldi osoa izango dute, bi txandatan lan egiten duten taldeen lana hobeto antolatu eta zuzendu ahal izateko.

“Aurreko urtean baino aurrekontu handiagoa dugu, enplegu-plan honetan konfiantza dugulako. Joan den urtean, langabezian zeuden 37 herritarrek aukera izan zuten udalerrian bertan lan egiteko. Aurten, kontratazio gutxiago egingo ditugu, baina kontratuak luzeagoak izango dira (urte erdiko kontratuak). Langabezian dauden emakumeen kolektiboari garrantzia ematen jarraitu nahi dugu; izan ere, haien langabezia-tasa gizonena baino altuagoa da (% 17, gizonen % 13ren aldean)”, adierazi du Abanto Zierbenako alkateak.

Abanto Enpresa

Laugarren urtez jarraian, Abanto Zierbenako enpresek 2017an diru-laguntzak eskatu ahal izan zituzten udalerriko langabeak kontratatzeko. Laguntza horien zenbatekoa 55.000 eurokoa izan zen.

“Udalak oso-osorik diruz lagundutako kontratu horietako asko kontratu mugagabe bilakatzen dira; hori da gure helburua, luzerako eta kalitatezko enplegua sortzea. Enpresek gutxienez 600 euroko laguntza jasoko dute % 50eko lanaldi partzialeko eta hiru hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko. Halaber, gehienez ere 4.800 euro emango dira lanaldi osoko eta hamabi hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko”, azaldu du Etxebarriak.

Eskaerak eta dokumentazioa Abanto Zierbena Zerbitzuak SLren bulegoetan aurkeztu beharko dira (Bizkaia plaza 3, atzealdea), edo Enplegu eta Toki Garapenerako Agentzian (Bizkaia plaza 5), abenduaren 31ra arte.