Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak herritarrengana gerturatzeko beste pauso bat eman du, eta zabal-zabal jarri du Alkatetzaren atea. Udalak herritarrekin zuzenean komunikatzeko bide berri bat estreinatu du: topaketa birtualak. Abanto Zierbena Zabaltzen Udalaren Gardentasunerako eta Herritarren Partaidetzarako online plataformaren bidez, nahi duen orok Maite Etxebarria alkatearekin hitz egin ahal izango du zuzenean.

“Martxoaren 2an izango dut lehenengo hitzordua herritarrekin, ostegunean, 12:00etatik 13:00etara. Ordubetean, herritarrek kezkatzen dituen edo interesatzen zaien eta herriari eragiten dion edozein gairi buruz galdetu ahal izango didate. Bi hilean behin egingo ditugu hitzorduak. Egun horretan konektatu ezin direnek ere galderak egin nahi badizkidate, plataforman badago kontsultak eta proposamenak idazteko beste atal bat”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Alkatetzak bat egin du 2.0 komunikazioarekin; ugaritu egin ditu komunikazio-tresnak, eta herritarrengana hurbiltzeko modua modernizatu nahi izan du, BiscayTIK fundazioaren laguntzaz. BiscayTIK fundazioak, 2009. urteaz geroztik, toki-erakundeen informatika-sistemak modernizatzen lan egiten du, administrazioa Bizkaiko herritarrengana hurbiltze aldera.

“Aurretik egiten diren galderei erantzun zabalagoak eman ahal izango dizkiegu, prestatzeko denbora gehiago izango baitigu. Kasu horietan, ahalik eta xehetasun gehien eman ahal izango ditugu eta zalantzak zehatz-mehatz eta gardentasun osoz erantzun ahal izango ditugu. Gure gakoa horixe da, gardentasuna eta hurbiltasuna, eta horretarako modurik onena hitz egitea, informazioa ematea eta gauzak aurrez aurre azaltzea da”, azaldu du Etxebarriak.

“Bi modu daude atari berrira sartzeko: batetik, ordenagailuaren bitartez Udalaren webguneko esteka batetik edo zabaltzen.abantozierbena.eus helbidean sartuta eta, bestetik, sakelako telefonoaren bitartez, aplikazioa deskargatuta. Erabiltzailea lau erlaitz aktibo dituen menu batera sartuko da. Hor aurkituko ditu, besteak beste, albisteen atala, udalerriari buruzko unean uneko informazio eguneratua izango duena, eta gardentasunaren atala, Udalaren sailei, zerbitzuei eta udal-kudeaketari buruzko datuak jasoko dituena”, jakinarazi du Alaitz Etxeandiak, BiscayTIK fundazioko zuzendari nagusiak eta herritarrentzako foro honen sustatzaileak.

Bi hilean behin egingo dira topaketa birtualak; zehazki, hilabete bakoitietako lehenengo ostegunean. Online elkarrizketa horiek goizez eta arratsaldez egingo dira txandaka; hartara, denek izango dute aukera topaketaren batean zuzenean parte hartzeko.

Topaketa birtual bakoitza egin ondoren, erantzundako galdera guztiak webgunean geldituko dira ikusgai, Aurreko Topaketa Birtualak atalean. Horrela, topaketak zuzenean ikusi ezin izan dituztenek ahal dutenean irakurri ahal izango dituzte erantzunak.

“Herritarrek, parte hartuz, hobetzen laguntzen digute. Hori dela eta, online komunikaziorako bide honek Kalezaindu izeneko atal bat izango du. Atal horren bitartez, herritarrek Abanto Zierbenan aurkitzen duten edozein akats edo gabeziaren berri eman ahal izango dute. Herriko mapa bat ere badu atalak, herritarrek zehatz-mehatz adieraz dezaten non dagoen arazoa, eta eremu bat izango dute gertaeraren deskribapen txiki bat emateko”, adierazi du Etxebarriak.

Abanto Zierbena herritarrei esker hazten eta modernizatzen da; hori dela eta, Udalak ate fisiko zein birtualak ireki dizkie, eta udalerria eskurik onenetan utzi du, herritarren esku, alegia.