Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, bederatzi ikastaro emango ditu langabeziak gogorren zigortutako herriko kolektiboentzat, hau da, 45 urtetik gorakoentzat, luzaroko langabeentzat eta bazter gelditzeko arriskuan daudenentzat. Lan Berri foru-egitasmoaren barruko ikastaroei esker, Abanto Zierbenako 135 langabe trebatu ahalko dira, lan-merkatu arruntean sartzeko aukera handiagoa izan dezaten.

“Herriko langabeei beste irtenbide bat ekarriko die honek. Prestatzea edo nork bere burua birziklatzea funtsezkoa da orain lan-merkatu gorabeheratsuari aurre egiteko, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu hau Udalak langabezia borrokatzeko abiatzen dituen egitasmoetako beste bat da. Eskertzekoa da Aldundiak abantoar langabeekin daukan konpromisoa. Lan Berri ezin hobeto egokitzen zaie Udalak enplegua sustatzeko martxan jartzen dituen egitasmoei”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

“Aldundiak, Lan Berri programarekin, apustu irmoa egiten du bizkaitarren alde, langabezia borrokatzeko. Ezkerraldea, gaur egun, enplegu-faltarik handiena duen eskualdea da, eta horrek izugarri kezkatzen gaitu. Horregatik jarri dugu martxan prestakuntza-proiektu garrantzitsu hau, egoera horri buelta emateko, eta prestakuntza da, hain zuzen ere, horretarako biderik onena, enplegua lortzeko biderik onena. 3,7 milioi euro baino gehiago jarri dira Bizkai osoan 380 ikastaro eman ahal izateko hala Lanbiden nola Bizkaiko tokiko garapen-agentzietan izena emandako 5.700 langabe ingururi”, esan du Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputatuak.

Foru Aldundiak 75.000 euroko diru-laguntza emango du proiektua Abanto Zierbenan gauzatzeko. Aste honetan bertan hasi da langabeentzako bederatzi ikastaroetako lehena, gizarte-erakundeetan mendeko pertsonei eman beharreko laguntza sozio-sanitarioari buruzkoa. Ikastaro hori herriko emakume langabeentzat antolatu da bereziki, emakumeen langabezia-tasa gizonena baino % 1,5 handiagoa delako.

“Gaur, gurekin ditugu ikastaro hau egingo duten 15 emakumeak. Ikastaroa diruz lagunduta dago erabat, eta maiatzaren 26an bukatuko da; denera, 370 eskola-ordu eta 80 praktika-ordu izango ditu. Helburua da emakume hauek gai izatea enplegua bilatzeko plan propioa diseinatzeko eta praktikan jartzeko, modu aktiboan eta ondo antolatuta, aztertuta eta ebaluatuta. Gainera, lanbide-ziurtagiri bat eskuratuko dute, zaharren egoitza bateko edo eguneko zentro bateko posturen bat bete ahal izateko. Ia 50.000 euroko inbertsioa egin behar izan da, baina emakumeon etorkizunaz eta ongizateaz ari gara, eta, modu horretan, beste aukera bat dute lan-merkatura baliabide askoz ere gehiagorekin sartzeko”, esan du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Lan Berrik, bestalde, iraupen laburreko eta zeharkako konpetentzien inguruko 8 prestakuntza-ekintza abiatuko ditu Abanto Zierbenan, 20 eta 45 ordu artekoak. Zeharkako konpetentziak, hain zuzen, lan-egoera konplexuei erantzuteko behar diren irismen handiko gaitasun, trebezia eta jokabideen multzoa dira.

“Konpetentzia teknikoen inguruko prestakuntza-ekintza batzuk ere aukeratu ditugu, gure inguruko enpresetan ikusi ditugun beharrizan oso zehatzei erantzuteko. Enpresa-sare oparoa daukagu, eta lanik gabe dauden herritarrei begira aprobetxatu nahi dugu”, adierazi du Etxebarriak.

Ikastaro bakoitzean 15 plaza daude; beraz, aipatutako kolektiboetako 120 pertsonak jasoko dute zeharkako konpetentzien eta konpetentzia teknikoen gaineko trebakuntza. Ikastaro horietarako aurrekontua 25.000 eurokoa da.

Zeharkako konpetentzien inguruko prestakuntzari dagokionez, nabarmentzekoa da inertzia-aldaketei edo lantaldeari eta gatazken ebazpenari begirako motibazio-tailerra; hor, gainera, lidergoa eta denboraren kudeaketa ere aztertuko dira, lantaldeak gidatzeko oso kontuan hartu beharreko alderdiak baitira.

“Konpetentzia teknikoen arloan, eskola-jantokiko laguntzaile izateko eta jarduerak dinamizatzeko ikastaro bat ere emango dugu. Hala, ikastaroa egiten dutenak gai izango dira ikasleei modu dibertigarrian eta osasungarrian lagunduz lan egiteko jantokietan, eta dietak egiten ere ikasiko dute. Bestalde, UNE eskorga erabiltzen ikasteko kurtsoa ere antolatuko da. Ikastaro horri esker, muntaketa-kateetan edo biltegietan 10.000 kilora arteko manutentzio-eskorgak erabiltzeko lanpostua bete ahalko da hainbat sektoretako enpresetan: logistika-enpresetan, merkataritza-guneetan, mantentze-lanen eta muntaketen ekoizpen-enpresetan...”, azaldu du Etxeberriak.

Ikastaro espezifikoenetariko bat zuntz optikoaren instalazioari buruzkoa da. Telekomunikazio- eta informatika-sistemetan, instalazio elektrikoetan edo antzekoetan esperientzia duten 45 urtetik gorako langabeei, luzaroko langabeei edota baztertuta gelditzeko arriskuan dudenei begira antolatu da. Helburua da enplegua lortzeko aukerak hobetzea eta FTTH (Fiber To The Home) sarearen zehaztasun teknikoei buruzko ezagutza ematea ikasleei, besteak beste Movistar eta Orange operadoreentzat lan egin ahal izan dezaten.

Zuntz optikoa gero eta sarriago instalatzen da; horregatik, oraintxe bertan etorkizuna eta lan-irtenbide ona duen enplegua da. Era berean, garabiak edo UNE plataforma erabiltzen ikasteko kurtsoak ere irtenbide onak eman ditzake; ikastaro horrekin, UNE-EN 280 arauan zehaztutako talde eta motei dagozkien jasogailu mugikorren operadore bihur zaitezke, muntaketa eta mantentze-lan metalikoen, eraikuntzaren eta mantentze-lan elektrikoen sektoreko enpresetan lan egiteko.

“Abanto Zierbenan enplegu-aukerak hobetzeko borrokan jarraitzeko konpromisoa daukagu, eta, horretarako, aurrerantzean ere enpleguaren inguruko prestakuntza sustatuko dugu, uste baitugu horixe dela lan-merkatuaren ateak zabaltzeko biderik onena. Bihotz-bihotzez eskertzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak langabeziaren kontrako borroka etengabe honetan egiten duen ahalegina”, esan du, bukatzeko, alkateak.