Albisteak

 

Abanto Zierbenako Enplegu eta Lehiakortasun Plan berria aztertu, eguneratu eta hobetzeko garaia dugu, eta herritarrekin batera egingo dugu hori. Martxan jarri da udalerriko enplegu eta lehiakortasunerako bigarren plana parte-hartze bidez sortzeko prozesua, eta jada egin dugu lehen lan-saioa. Hogeita hiru parte-hartzaile bildu dira 2020. urtera arte indarrean izango den enplegu eta lehiakortasuneko esparru berri hau eratzeko lehen harreman honetan: besteak beste, langabeak, enpresariak, gizarte-eragileak, ekintzaileak, lanbide-heziketako ikastegiak eta Lanbideko edo Behargintzako zenbait kide.

“Oso garrantzitsua da guztiekin eskuz esku lan egitea: herritarrekin, merkatariekin, enpresariekin, udal-teknikariekin. Haien lankidetza ezinbestekoa eta oso baliagarria da. Egiazko erradiografia ekonomikoa atera nahi dugu, gaur egungo garaiei egokitutakoa; irtenbideak lortu nahi ditugu, proiektuak sortu, eta guztiei entzunez soilik lor daiteke hori. Horregatik ezarri dugu lan-saio sorta bat, hain zuzen ere”, azaldu du Enpleguko zinegotziak, Iratxe Etxeandiak.

Aurreko planean, funtsezkoa izan zen, enplegua sustatzeko neurriez gain, enpresei laguntza eman zitzaiela lehiakortasunaren eta berrikuntzaren arloan, eta ekintzaileei beren helburua lortzen lagundu zitzaiela. Oraingo honetan ere lehiakortasunaren aldeko apustua egin da, baina parte hartzeko prozesua ireki da, eta hortxe datza berritasuna.

Lau hilabeteko lana izango da: prozesua ekainean hasi zen, abuztuan atsedenaldia izango da, eta azaroan amaituko da. Gainera, kanpo-aholkularitza izango dugu azterlana egiteko. Euskadi Prestakuntza Funtseko proiektu-taldeak eskarmentu handia du lurralde-garapenerako eta eskualdeko nahiz estatuz haraindiko lankidetzako enplegu-proiektuetarako aholkularitzan, eta hura arduratuko da azterlana egiteaz.

“Plan honek Abanto Zierbenaren garapen sozioekonomikoa bultzatzea du helburu. 2012an, Udalak 2012-2015 aldirako Enplegu eta Lehiakortasun Plana prestatu zuen, eta % 90ean baino gehiagoan bete da. Plana oinarrizko tresna izan da enplegua sortzeko. Orain, lortutakoa berrikusi, ikasbideak atera eta udalerriak datozen urteetan izango duen enplegu- eta lehiakortasun-estrategia zehazteko asmoa dugu”, adierazi du Etxeandiak.

Lan-saioan, Enplegu eta Lehiakortasun Planean parte hartzeko prozesuaren eta metodologiaren berri eman zitzaien parte-hartzaile guztiei, saioen egun eta orduen egutegia aurkeztu zen, eta interes-taldeen aurkezpena eta lehen harremana ere egin zen, eragileek AZZ 2020 Estrategia prestatzeko duten konpromisoa ere bermatuta.

Azkenean, eragile eta interes-taldeen mapa prestatu zen, talde dinamika baten bitartez, eta beste parte-hartzaile batzuk barne hartzeko proposamena egin zen: emakumeen elkarteak, gazteenak, etab.

Enplegu- eta lehiakortasun-plan berriak bere horretan mantenduko ditu lehendik ere bazeuden hainbat lan-apustu, baina jarduketa berriak ere ekarriko ditu. Plan estrategikoa 2020ra arte egongo du indarrean, eta Abanto Zierbenako ekonomia sendotuko du.

“Enpresek ongi jakin behar dute zein profesional dituzten inguru hurbilenean, eta prestakuntzak eta kontratazio-planek ardatz estrategikoak izan behar dute aurrerantzean ere; horri guztiari herritarren zuzeneko ikuspegia gehitzen badiogu, enplegu- eta lehiakortasun-plan sendoa eta oso erreala lortuko dugu”, azaldu du Etxeandiak.

Kartak mahai gainean jartzen baditugu, 2016an 37 herritarrek lortu zuten lanpostua Abanto Lan programari esker. Hirugarren urtez jarraian, Abanto Zierbenako enpresek, 2016an, 55.000 euroko diru-laguntzak lortu zituzten udalerriko langabeak kontratatzeko. Abanto Enpresa programak hamalau kontratazio ahalbidetu zituen 2015ean, eta horietatik hamaika kontratu mugagabe bihurtu ziren.

“Herritarrei zabaldutako enplegu-estrategia komuna landuta, indartsuago eta lehiakorrago bihurtuko gara; enplegua da gizarte-politika hoberena, eta bilera hauekin hori lortuko dugu”, esan du Etxeandiak, amaitzeko.