Albisteak

 

Abanto Zierbenan modu dibertigarri eta osasuntsuan familian gozatzearen alde egin dugu. Hori dela eta, irailaren 23an, larunbatean, "Familian pedalei eraginez" proba egingo da. Familiek bizikletaz ibilaldia egingo dute bide berdean. Bi ibilbide izango dira aukeran: txikia, 12 kilometrokoa, eta luzea, 32 kilometrokoa, pedalei eragiteko gogoz daudenentzat.

 "Ibilaldi txikia egiteko 6 urte izan beharko dira gutxienez, eta handia egiteko, berriz, 10 urte. Helduentzako bizikletazko txangoa hiru ordu ingurukoa izango da, eta Gallartako Gaztegunetik abiatuko dira. Anoa-postua 15 kilometrora egongo da, Aceñan (Galdames), eta han edariak banatuko dira. Parte-hartzaileak helmugara iristen direnean, Sanfuentesko pilotalekuan indarberritu ahal izango dira janariarekin eta edariarekin" adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Sanfuentesko pilotalekuan, hamabietatik arratsaldeko hiru eta erdietara, oztopo-zirkuitu bat jarriko da, bizikletan orekari hobeto eusten trebatzeko. Jarduera horretan parte hartzeko 5 urte izan behar dira gutxienez. Kirol-jardunaldi honetan egingo diren jarduera guztietan parte hartzeko derrigorrezkoa da kaskoa erabiltzea.

 "Izena emateko plataforman (www.abanto-zierbena.eus) soilik eman ahal izango da izena. Izena emateko 3 euroko zenbateko sinbolikoa ordaindu beharko da, Abanto Zierbenan erroldatutako pertsonek izan ezik; azken horientzat jarduera % 100ean lagunduko du diruz Udalak. Izena emateko epea irekita dago jada, eta irailaren 20an, asteazkenean, itxiko da. Izena emateko aldiaren lehen bost egunetan, hau da, gaur arte, Abanto Zierbenako bizilagunentzat plazen % 50 erreserbatu dira. Bihartik aurrera, parte hartu nahi duten gainerakoek izena eman ahalko dute. Iaz, 104 pertsonak hartu zuten parte jarduera honetan; gainera, ekimen honetan bermatuta dago konpainiarik onena, familiarena, alegia", jakinarazi du Etxebarriak.