Albisteak

 
Udarekin, festak iritsi dira, baina baita berriztatze-lanak ere.
“Uda-garaia erabiliko dugu berriztatzeko beharra duten hainbat udal-lokaletan esku hartzeko. Lan horiek Las Carreras, Sanfuentes eta Gallarta auzoetako elkarteek erabiltzen dituzten lokaletan egingo ditugu”, azaldu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Las Carrerasko erretiratuen etxeko estalkia ez dago oso egoera onean: teilak kaltetuta daude, eta ura sartzen da. Tradizio handiko eraikina da, eta egingo dugun lanaren helburua ez da soilik haren itxura hobetzea, baizik eta baita egunero erabiltzen duten pertsonak gusturago egotea ere. Hori dela eta, teilatua berriztatuko da, eta egungo teilatu-hodiak metalezko beste batzuekin ordezkatuko dira. Gainera, estalkiaren azpian isolamendua jarriko da, eraikinaren baldintza termikoak hobetze aldera”.

“Estalkiaren 196 metro koadro berriztatu behar dira; izan ere, ez dago isolamendurik, eta, horren ondorioz, neguan hotza sartzen zen orain arte, baita ura ere, kasu batzuetan. Gure helburua da gure adinekoek inolako oztoporik gabe gozatu ahal izatea euren aisialdi-guneaz, behar bezalako instalazioetan; horregatik, 45.000 euro baino gehiago inbertituko ditugu teilatua aldatzeko”, azaldu du Etxebarriak.

Bestalde, Sanfuentesen, Udalak hango eskola zaharrak berriztatzeko proiektu bat abiarazi nahi du; izan ere, inguruko taldeek asko erabiltzen dituzte lokal horiek.

“Gure helburua da gune horiek itxura ona izatea eta behar bezala ekipatuta egotea; horregatik, leihoetako estoreak kendu ditugu eta kristaletan biniloak jarri ditugu. Altzari berriak jarri ditugu, hain zuzen ere 25 aulki (orgetan jasotzen dira, dena beti txukun izateko) eta gurpildun 4 mahai tolesgarri. Era horretan, lokal hori erabiltzen duten taldeek nahi duten moduan antola dezakete espazioa. Sanfuentesko jaiak bukatzen direnean, uztaila iritsi aurretik, lokalak margotu egingo dira, berri-berri uzteko. Jarduketa horretarako, 6.000 euroko inbertsioa egin behar du”, adierazi du alkateak.

Gallartan, Eusko Gudariak plazan dagoen Emakumeen Elkartearen lokalean ere aldaketak egin dira: Abanto Zierbenako Udalak elkartearen sarrerako atea eta leihoak aldatu ditu, lokala politagoa izan dadin eta, batez ere, seguruagoa izan dadin. Erabiltzaileak erosoago egon daitezen, 25 aulki berri erosi dira. Abanto Zierbenako Udalak guztira 7.300 euro gastatu ditu hobekuntza horiek egiteko.

“58.000 euro baino gehiago inbertitu ditugu udaleko hiru lokal handi horien egoera hobetzeko. Gure elkarteek berebiziko garrantzia dute Abanto Zierbenaren eguneroko bizimoduan; horregatik, bilerak egiteko eta herritarren ongizatea sustatuko duten proiektuak sortu eta babesteko toki egokia behar dute. Hori dela eta, guk udalerriko elkarte-sarea babesten jarraituko dugu”; esan du, bukatzeko, Etxebarriak.