Albisteak

 

Udan, eguraldi onaz nahiz astialdiaz baliatu eta gozatu behar dugu, bai, baina sasoi egokia da berrikuntzak egiteko ere. Hala, Abanto Zierbenako Udalak herriko hiru ikastetxetan esku hartuko du udan, zenbait hobekuntza-obra eginda.

Las Carrerasko Askartza Isusi ikastolan, kasurako, gimnasio estalia txukunduko da, eta, horretarako, zoladura berrituko da, instalazio horietan kirola egiten duten ikasle guztien segurtasuna bermatze aldera. Horrez gain, kanpoko arotz lanak egingo dira gimnasioan, egituraren isolamendu termiko eta akustikoa hobetzeko asmoz. Modu horretan, energia gutxiago kontsumituko da.

“Garrantzitsua da eskolako oporraldia erabiltzea udalerriko ikastetxeetan zuzenean eta modu eraginkorrean esku hartzeko. Hori ezinezkoa izango litzateke ikasturtean zehar, instalazioek bete-betean jarduten dutelako eta tarterik ez dagoelako; gainera, enbarazu egingo genuke. Horregatik, uda ez da bizikletak erabiltzeko soilik; garai aproposa da eraikinok kanpotik eta barrutik eraberritzeko”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxeberriak.

Askartza Isusi eskolan, era berean, larrialdietarako argiak hobetuko dira, led argiak jarriz; hartara, beharrezkoa denean, gutxieneko argia egongo da esparrua arazorik gabe eta arin-arin hustu ahal izateko. Gainera, hormen barneko akabera hobetu eta berriro margotuko da, itxura hobea emateko eta garbitasuna eta higienea optimizatzeko.

“Erreforma handia da hori, ikasgeletako, korridoreetako eta lurreko jolasetako pintura ere berrituko baita. Laugarren mailako ikasgela ere margotuko da, baita Lehen Hezkuntzako halla, atezaintza, zuzendaritza, Haur Hezkuntzako gunea eta eskailerako igoera ere. 32.000 eurotik gora inbertitu beharko ditugu ikasturte osoan x haurrek erabiltzen duten ikastetxe hau berritzeko”, esan du Etxebarriak.

Bestalde, Abanto Zierbenako Udalak Etorkizuna ikastola ere eraberrituko du uda honetan. Kasu honetan ere, gimnasioan egingo dira hobekuntza gehienak; hain zuzen ere, gimnasio estaliko iparraldeko barneko horma isolatuko da, isolamendu termikoa areagotzeko, energiaren kontsumoa murriztu eta kondentsazio-arazoak ezabatze aldera.

“Ikastetxe honetan, energia-eraginkortasun handiagoa duen argiteria ipiniko dugu kontsumoa murrizteko, argiztapen egokia izan dezan. 25 watt-eko 42 led lanpara fluoreszente jarriko dira, eta larrialdietarako 7 led argi ere instalatuko dira, istripu edo arazoren bat gertatuz gero ikasle eta irakasle guztiek modu seguruan hustu ahal izan dezaten eraikina”, adierazi du Etxebarriak.

Gimnasioaren barruan lesiorik gerta ez dadin, babesgarriak jarriko dira ertzetan. Horrez gain, gimnasioaren itxura guztiz berrituko da, hormak barnealdetik pintatuta. Udalak ia 29.000 euro jarri beharko ditu lanok guztiak aurrera eramateko.
Azkenik, Buenos Aires eskolan egingo dituzte hobekuntza-lanak; zehazki, Haur Hezkuntzako korridorea margotuko dute, eta 3.000 eurotik gorako aurrekontua beharko dute horretarako.

“Gure lehentasunetako bat gure ikasleak ongi egotea da. Gure haurrek eskolan ematen dute denbora gehiena, eta, horregatik, haien lan-espazioek ondo egon behar dute, haien premietara egokituta. Batzuetan, gauzarik sinpleenekin egin daiteke aldaketa; pintura-geruza soil batekin, adibidez. Abanto Zierbenako ikasleek onena merezi dute, euren maila berean egongo diren instalazioak merezi dituzte, eta horixe izango da gure lan-ildoa”, esan du Etxebarriak, amaitzeko.