Albisteak

 

Otsailaren 10era arte irekita egongo da udalerriko ikastetxe publikoetan matrikula egiteko epea. Matrikula egin beharko dute bi urtekoen gelan sartzen diren haurrek, Bigarren Hezkuntzara igarotzen direnek edo ikastetxe-aldaketa gauzatzen dutenek.

“Abanto Zierbenako Udaleko kideok gurasoak animatu nahi ditugu beren seme-alabak Euskal Eskola Publikoan matrikulatzeko; izan ere, munduari, ezagutzei eta imajinazioari irekita dagoen eskola da. Kulturarako atea da, eta gainera, prestakuntza eleaniztuna babesten du, hizkuntzen ikasketa integratua sustatzen baitu. Euskal Eskola Publikoak euskal gizarte oparo, solidario, aurrerakoi eta gizarte-orekaren aldekoa lortzen lagunduko digu”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Zierbenan Haur eta Lehen Hezkuntzako lau ikastetxe daude, eta guztietan dago D hizkuntza-eredua. Gallartan Buenos Aires ikastetxea eta Etorkizuna Ikastola daude (Cotarro auzoan). Bestalde, El Casal auzoan, El Casal ikastetxea dago; eta El Minero etorbidean, Dolores Ibarruri Institutua dugu; bertan, bigarren hezkuntza ematen da. Azkenik, Las Carrerasen, Askartza Isusi ikastetxea dago.

“Hezkuntza-eskaintza zabala dugu, kalitate onekoa, gure udalerritik irteteko beharrik gabe, gainera. Horregatik Abanto Zierbenan bizi diren gurasoak animatu nahi ditugu bertako ikastetxeak bisitatu eta ezagutzera. Badakigu garrantzi handiko erabakia dela zure seme-alabek txikitatik eta hainbat urtez non ikasiko duten erabakitzea; orain da dituzten aukerak baloratzeko unea”, adierazi du Etxebarriak.

Ikastetxeetako matrikulak online egin daitezke aste honetatik aurrera eta otsailaren 9ra arte, baita ikastetxeetan bertan ere, urtarrilaren 30etik otsailaren 10era arte.