Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak milioi eurotik gora inbertituko du udalerriko argiak erabat berritzeko. Orain daudenak LED teknologia duten argi berriekin ordezkatuko dira.

Horrekin, % 52 aurreztuko da orain ordaintzen ari den argi-fakturan; hau da, udalerriak 125.000 euro gutxiago ordainduko ditu urtean.

“Abanto Zierbenako Udalak proiektu bat eskatu zuen argiteria publikoaren azterketa osoa egiteko eta, hala, eraginkortasun energetikoa hobetzeko ekintzak proposatzeko. IDAE Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak udalerrietako kanpo-argien instalazioak berritzeko ematen dituen diru-laguntzen programan dugu jarria begirada. Hain zuzen ere, kanpo-argien eraginkortasun energetikorako jarduketei ekiteko diru-laguntza eskatuko dugu. IDAEren laguntza % 0ko interes-tasa duen mailegu bat da, eta energia elektrikoaren fakturan aurreztutakoarekin amortizatzen da. Hamar urtean, gure argi guztiak eraginkorrak izatea lortuko dugu”, azaldu du Auzoen zinegotzi Jon Cuestak.

Abanto Zierbenako udalerriak 2.565 puntu ditu; 400 puntuk jada LED teknologia dute, udal-inbertsioaren bitartez egindako jarduketei esker. IDEAren deialdia beste deialdi batzuekin bateratu daiteke; adibidez, Aldundiarenekin eta EEErenekin. Horrek esan nahi du Meatzaldeko udalak beste diru-laguntza batzuk eskuratu ditzakeela eraginkortasuna lortzeko ibilbidean, eta udalaren diru-kutxei kosturik txikiena eraginez lor dezakeela berritze-plana.

“Gaur osoko bilkuran onartu da epe luzerako mailegu-eragiketa hau hitzartzea IDEAren diru-laguntza eskatzeko. Beraz, abian da Abanto Zierbenaren argien eraldaketa, eraginkortasun energetikorako bidean”, iragarri du Auzoen zinegotzi Jon Cuestak.