Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak udal-baliabideen gida prestatu du, eta udalerriko etxe, enpresa eta saltokietara zabaldu du.

Gida osatu horretan intereseko telefonoak, jarduerak eta udalerriko elkarteen zerrendak aurki daitezke, besteak beste. Gida udal-bulegoetan eskuragarri egongo da eskatzen duten herritar guztientzat.

“Bi urtean behin argitaratzen dugu gida, intereseko datu guztiak eguneratuta egon daitezen eta Abanto Zierbenako herritar guztiek etxean izan ditzaten. Tresna benetan baliagarria da udalerriaren historia, zerbitzuak, ibilbideak eta gainerako informazio garrantzitsu guztia ezagutzeko”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Gidan, gainera, Meatzaldeko udalerrian aurki daitezkeen enpresa eta saltokien zerrenda ere badago. Abanto Zierbenako interes-gune garrantzitsuenak aurki daitezke liburuxkan, modu azkar eta errazean.

Udal-mapa interaktiboa

Udal-baliabideen gida berriak mapa interaktibo bat ere badauka; mapa udal-webgunean aurki dezakegu, klik gutxi batzuk eginda. Horren bitartez, mugikorrarekin edo ordenagailuarekin Abanto Zierbenan zehar ibil gaitezke sarean.

“Mapa interaktiboak jolasteko aukera ematen du: hurbildu, urrundu, distantziak neurtu, behar ditugun kaleak eta guneak inprimatu... Abanto Zierbenaren aberastasuna eta aniztasuna ezagutzeko beste baliabide bat da. Ez galtzeko, bilaketa-sistema bat ere badauka. Mapa benetan eskuragarria da, eta herritar guztiek erabili ahal izatea da xedea; horregatik, kontraste altuarekin ikus daiteke, ikusmen murriztua dutenek erabili ahal izan dezaten, eta saguarekin ez ezik teklatuarekin ere erabil daiteke, pertsona nagusiei laguntzeko, sarean hobeto moldatzen baitira teklatuarekin saguarekin baino. Gure herritarrek jada etxean dute udalerrira leiho bat irekitzen dien gida hau”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.