Albisteak

 

Larunbat honetan, irailaren 16an, Gallartako kaleak ospakizunez beteko dira berriz ere, 2017ko Garrafón Eguna ospatzeko. Festa tradizional hau eguerdiko hamabietan hasiko da, eta lehenik omenaldia egingo zaio hilerrian Federico Balbuenari, Garrafónen sortzaile eta Gallartako Futbol Klubeko presidente ohiari.

Handik ordu erdira, festa-giroa herri osora zabalduko da, Marciano iturritik abiatuko den kalejirarekin; bertan, CD Gallartako talde guztiek hartuko dute parte, eta Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldearen erritmoari jarraituko diote.
 
“Lagunartean gozatzeko festa bat da. Egun horretan, Gallartako herritar gehienak kuadrillatan elkartzen dira, eta elkarrekin bazkaldu eta eguna pasatzen dute. Garrafón Eguna hirurogeita hamargarren hamarkadan sortu zen, eta xede zuen udalerriko kuadrillak elkartzea. Ordudanik, urtez urte tradizioak bizirik dirau”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Goizean, festa-giroa zabaltzeko, Aldatz Gora fanfarreak musika-animazioa eta kalejira eskainiko ditu. 12:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara, haurren parkea egongo da Blasco Ibañez parkean, etxeko txikientzat. Euria eginez gero, parkea Dolores Ibarruri BHIko kiroldegira eramango da.

Eguerdian, Eusko Gudariak plaza agertoki aproposa izango da sasoi honetako CD Gallartako taldeen aurkezpena egiteko. "Arratsaldeko hiruretan herri-bazkaria egingo da Txikito pilotalekuan. Ordu berean, Gallarta Futbol Klubeko jokalari ohiak, zuzendari ohiak eta zaleak El Minero jatetxean elkartuko dira, urteroko bazkaria egiteko", azaldu du Etxebarriak. Programa osatzeko, arratsaldean Brincadeira Evolution taldearen emanaldia izango dugu Eusko Gudariak plazan eta gauerdian Garilak 26 taldeak dantzaldia eskainiko du.

“Gaueko hamaika eta erdietatik aurrera, tradizioari jarraituz, honako hau galdetuko diogu elkarri: Zuk al duzu garrafoiaren tapoia? Aurten berritasun bat ere izango dugu: haurrentzako modalitatea, tapoi txikia, estreinatuko dugu. Helduek egiten duten galdera bera egin beharko dute aurkitu ahal izateko, baina jarduera arratsaldean egingo da”, jakinarazi du Etxebarriak.

Programa oso-osoa da, beraz, eta 2017ko Garrafón Egunaz gozatu besterik ez dugu.

 Kartela jaitsi (PDF 101KB)