Albisteak

 

Aurten ere, zortzigarren urtez, Abanto Zierbenako Udalak udalerrian landatuko diren fruta-arbolen prezioaren % 40 diruz lagunduko du. Diru-laguntza jasotzeko, beharrezkoa izango da, orain arte bezala, udalerrian erroldatuta egotea, eta interesdunek gehienez ere 10 unitate eraman ditzakete etxebizitza bakoitzeko.

“Gure udalerriko etxe askok lorategia dute, eta frutikultura gure bizimoduaren parte da; gure inguruan laranjondoak, limoiondoak, gereziondoak eta abar ditugu, eta horrek horrela izaten jarraitzea nahi dugu. Horregatik eskaintzen dugu zerbitzu hori Udaletik. Aurten, gainera, zuhaitz mota guztietako espezieen aukera zabaldu dugu, batez ere sagarrondo eta madariondoena. Berritasun gisa, fruitu gorrien eskaintza zabalagoa egongo da: andere-mahatsa, mugurdia, masusta eta ahabia. Hiru marrubi aldaera hauek ere egongo dira: Albion, Portola eta Andrea”. Horixe azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Joan den urtarrilaren 16tik (astelehena) otsailaren 3ra (ostirala) arte, nahi duen orok aleak eska ditzake herritarren informazio-bulegoan, Las Carrerasen, Haritzalde plazan, astearte eta ostegunetan, 12:00etatik 15:00etara. Bestela, Herritarren Arreta Zerbitzuan ere eska daitezke, udaletxeko beheko solairuan. Fruta-arbolak % 40 merkeago eskuratu nahi dituzten herritarrek Udalaren webgunean (www.abanto-zierbena.org) deskarga ditzakete eskaerak.

Fruta-arbolak Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan ordaindu beharko dira. Ordainketa egin ondoren, eskaera-orriaren kopia bat emango da, eskaera izapidetu ahal izateko. Arbolak banatzen diren egunean, interesdunek kopia hori aurkeztu beharko dute, haien eskaerak jasotzeko.

“Fruta-arbolak otsailaren 18an, larunbatean, banatuko dira, 09:00etatik 12:00etara, udaletxeko beheko solairuan. Arbolak erosi dituztenek eskaera-orriaren kopia aurkeztea gogoratu beharko dute. Zalantzarik izanez gero, laguntza-telefonora dei dezakete, 944040600 zenbakira. Udalaren helburua da fruta-arbolak udalerriaren irudiaren parte bilakatzea, Abanto Zierbena kolorez janztea; hori dela eta, eskaera egitean adierazi beharko da erositako arbolak non landatuko diren”, adierazi du Etxebarriak.

Interesa duten herritarrek, aurretik, zenbateko osoaren % 60 ordaindu beharko dute eta eskaera-orriak horretarako prestatu diren guneetan aurkeztu beharko dituzte otsailaren 3a baino lehen, eskaera egin ahal izateko. Baldintzaren bat betetzen ez bada, baliteke eskaera bertan behera uztea. Hala gertatuz gero, eskatzaileari ordaindutakoa itzuliko zaio.

“Abantoarrek haien baratzeetan eta lorategietan fruta-arbolak landatzea nahi dugu. Gainera, lorategi-eremu bat eskuratu berri dutenei frutikultura ezagutzeko eta horretaz gozatzeko aukera eman nahi diegu. Fruta-arbolen asteak indarrean daramatzan zortzi urte hauetan, arbola-kopurua asko aldatu da urte batetik bestera: 2015. urtean, ia 700 arbola banatu genituen, baina udalerrian landatzeko arbola gehien 2013an banatu genituen, 930 fruta-arbola, hain zuzen ere. Fruta-arbolen astean, edizio bakoitzean ehun eskatzaile baino gehiago izan ohi ditugu”, jakinarazi du Etxebarriak.

Fruta-arbolen asteak beste berritasun bat ere badu, ekimen hori osatzeko primerakoa: arbolak kimatzeko beste modu bati buruzko hitzaldia. Ion Colino adituaren laguntzarekin, Galdamesko Areitz Soroa instalazioetan, bi orduz, kimatzearen abantailak eta desabantailak ikasiko ditugu, arbolak kimatu beharrik gabe frutak hazteko modu bat ezagutuko dugu eta hainbat patroi ikasiko ditugu, besteak beste. Hau izango da hitzaldiaren izenburua: “La otra visión de la fruiticultura”; eta otsailaren 21ean, asteartean, izango da.

Hitzaldira joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, 944040600 zenbakira deituta edo ingurumena@a-zz.net helbidera mezu elektroniko bat bidalita, plaza kopurua mugatua baita. Areitz Soroako instalazioetara joateko, Udalak doako autobus bat jarriko du. 10:00etan aterako da udalerritik, eta 14:00ak aldera itzuliko da. Autobusean 25 toki daude.

Hauek dira azken prezioak, BEZa eta Udalak bere gain hartutako % 40ko deskontua barne:

  • Sagarrondoak, madariondoak, mertxikondoak, gereziondoak, hurritzak eta abar: 4 € unitateko.
  • Zitriko handi samarrak, loreontzia barne: 12 €.
  • Pikondoak eta kiwi-arbolak: 7 €.
  • Txertodun intxaurrondoak: 13 €.
  • Mugurdiak, masustak, andere-mahatsak eta abar: 2 €.
  • Marrubiak, abrikotondoak, elordi beltzak, arbendolondoak eta abar: 4 €.