Albisteak

 

Ekainaren 30etik (ostirala) uztailaren 9ra (igandea) bitartean, Sanfuentesen Santa Luziaren omenezko jaiak ospatuko dituzte. Jarduerez betetako 4 egun izango dira, beti bezala, girorik onenarekin. Sanfuentesko jaiak ostiralean hasiko dira, goizeko hamaiketan, hain zuzen; Pilar Abín plazan, haurrek Santa Luzia 2017ko jaietarako muralerako collagea egingo dute. Gero, herri bazkaria egingo da, eta ondoren, katxete erako boloak eta jantzi tradizionalen desfilea.

“SANJAIBA jai-batzordeak eginiko lan handia eskertzen dugu, jaietarako programa aparta osatu baitute. Bai nagusiek bai gazteek euren lekua, euren momentua dute jaietan. Programa osatua da, denetarik apur bat biltzen du guztiengana heltzeko: dantzaldiak, apar-jaia, sardina-jana, katxete erako boloak, herri-bazkariak, etab.”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Ostiralean, arratsaldeko zazpietan, txupinazoak eta pregoiaren irakurketak hasiera emango diete jaiei. Aurten, pregoia ADIZMI Elkarteak irakurriko du. Jarraian, ohorezko aurreskua egingo da eta ikurrina astinduko da. Erritmo onarekin hasteko, Raspurekin dantzan hasiko gara eta gauean, Pilar Abín plazan, Garilak 26 taldearekin jarraitu ahal izango dugu.

Sanfuentesek uztailari hasiera borobila emango dio, askotariko jarduerekin: emakumezkoen katxete erako boloen txapelketa, Sanfuentesko txistularien kalejira, txikienentzako tailerrak, saskibaloi- eta partxis-txapelketak, Seranteseko igoera eta apar-jai handia Pilar Abín plazan. Hain zuzen, jaien erdigunea da plaza hori, eta larunbateko gaua gaztea denez, dantzaldia izango dugu bertan, Galea taldearekin.

Uztailaren 2an, igandean, jaiez gozatzen jarraitzeko aukera izango dugu. Azoka txikia, haurrentzako jolasak eta esku pilota egongo dira. Eta Sanfuentesko amatxuek denek parte hartzeko moduko herri-jokoak antolatu dituzte errugbi zelaian, Meatzalde Eskautak taldearen laguntzarekin. Bestalde, auzotik atera gabe, Afrika edo Amerikako janaria dastatzeko aukera izango dugu.

Uztailaren 7an ez ahaztu bainu-jantzia, Pilar Abín plazaren inguruetan haurrentzako ur-parkea egongo baita. Eta arratsaldea girotzeko, txorizo-jana egingo dugu; ondoren, dantzari ekingo diogu berriro ere Cuarto Traste taldearen kontzertuan eta Kresala taldearen dantzaldian.

“Uztailaren 8an, larunbatean, txintxon eta igel-toka txapelketak egingo dira eta, eskola zaharretan, 70eko gazteek urteko topaketa egingo dute. Gaueko hamaiketan, Santa Luzia zelaietatik Pilar Abín plazarainoko jaitsiera egingo da. Ikuskizunak, musikak eta, batez ere, giro onak hartuko dute kalea. Herritar guztiak animatu nahi ditugu jaitsierarekin bat egin dezaten”, adierazi du Etxebarriak. Eta egunari amaiera borobila emateko, Kosmos orkestraren emanaldiaz gozatu ahalko dugu.

Oraindik indarrik geratzen bada, igandean Santa Luziako jaiek aurrera jarraituko dute Sanfuentesen, paellak protagonista direla. Gainera, nekazaritzako elikagaien azoka, tiragoma-txapelketa eta askoz ere jarduera gehiago egongo dira. “Sanjaiba jai-batzordeko kideek jai benetan parte hartzaileak antolatzen dituzte; horren erakusgarri Adizmi elkartearen aurka jokatuko duten futbito-partida (haiek irakurriko dute aurten pregoia)", azpimarratu du alkateak.
Eta jaien amaierako traka iritsi aurretik, algaraka barre eginaraziko digun jarduera batekin gozatzeko aukera izango dugu, Maribel Salas eta Gorka Aginagalderen bakarrizketekin, hain zuzen.

GORA SANFUENTESKO JAIAK!