Albisteak

 

Gallartako Garrafón jaiaren ondoren, Mesedeetako jaien txanda iritsi da La Balastera, El Campillo eta Castañosen. Irailaren 22an hasiko dira, ostiralean, txupinazoarekin. Gainera, festa-kamioi bati esker, alaitasunak eta parrandak goizaldeko ordu txikietara arte iraungo dute.

"Larunbata egun handia izango da. Besteak beste, hauek egingo dira: kalejirak, mozorro- eta tortilla-lehiaketak, mus- eta tiragoma-txapelketak, apar-jaia, sardina-jan herrikoia eta dantzaldia. Era guztietako jarduerak egingo dira, handiek eta txikiek goza dezaten; izan ere, puzgarriak eta buruhandi meatzariak ere izango dira" adierazi du Maite Etxebarriak.
Programa bete-betea eskainiko da, eta ohiko lore-eskaintza ere egingo da hilaren 23an, Andre Mari Mesedeetakoaren egunean.

Irailaren 24an, igandean, jaiak Balastera auzoan jarraituko du, hauek eskaini eta egingo baitira: puzgarriak, tute edo igel-tokako txapelketak, zinta-lasterketa, eta, arratsaldean, harri-zulatzaileen erakustaldia eta herri kirolak. Jai hauek ahogozo onarekin amaitzeko, saiheski- eta txorizo-jan handia egingo da, Geloren monologoekin girotuta. Iluntzeko bederatzietan agurtuko dira Mesedeetako jaiak, jaien amaierako trakarekin.

"Guztiok animatu nahi zaituztegu jai txiki hauetara hurbiltzera eta ekitaldiez gozatzera, giro ederrean", amaitu du Etxebarriak.

 Programa jaitsi (PDF 1MB)