Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak akordio bat egin du egoitzetan dauden pertsonei arreta ematen dien Grupo Aga enpresarekin. Horri esker, erakundeetako arreta soziosanitarioari buruzko udal-ikastaro berria egiten duten 20 lagunetatik 10ek lanpostu bat bermatua izango dute sei hilabetez Aga taldeko enpresetako batean.

“Ikastaro hau diruz lagunduta dago erabat, eta El Preventorio enpresa-hazitegian emango da, hots, garai batean meatzarientzako ospitalea zen gunean. Gainera, ikastaroa egiten dutenek lanpostu bat lortuko dute zuzenean. Akordio itzela lortu dugulakoan gaude; izan ere, ikastaroa egiten dutenen erdiek lanpostu bat bermatua izango dute laguntza eman duten egoitzetan, gutxienez % 50eko lanaldiarekin. Oraindik ere negoziatzen gabiltza, egitasmo honen bidez ahalik eta langabe gehienei lana eman ahal izateko”, azaldu du Maite Etxeberriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Ikastaroan parte hartzen dutenek zaharren egoitzetan lan egiteko eskatzen den profesionaltasun-ziurtagiria eskuratuko dute. Ikastaroa Lanbidek laguntzen du diruz, eta 4 hilabetekoa izango da: 370 eskola-ordu eta 80 praktika-ordu emango dira.

Ikastaroan izena emateko eskaerak Toki Garapenerako Agentzian aurkeztu behar dira, irailaren 22a baino lehenago.

“Ikastaroa urrian hasi eta otsailean amaituko da. Parte-hartzaileek langabeak izan behar dute, eta Lanbiden izena emanda egon. Guk, bai egitasmo honen bitartez bai abiatzen ditugun antzeko beste guztien bitartez, langabeak lanean jarri nahi ditugu”, adierazi du Etxebarriak.

45 urtetik gorako emakume langabeentzat antolatutako arreta soziosanitarioko ikastaroa egin dutenen ia guztiek aurkitu dute enplegua

Kopuruak eztabaidaezinak dira: aurten Bizkaiko Foru Aldundiaren Lan Berri proiektuaren barruan erakundeetako arreta soziosanitarioari buruzko ikastaroa egin duten 18 emakumeetatik 17k lana topatu dute sektore horretan.

“Hasieran 15 plaza eskaini genituen ikastaro honetarako, baina 19 eskaera jaso genituen, eta plaza gehiago jartzea lortu genuen Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lanbideren laguntzari esker, inor kanpoan gera ez zedin. Aldundiak, hain zuzen ere, diruz laguntzen du ikastaroa, eta Lanbidek, berriz, prestakuntzaren bidez profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko baimena ematen du. Bada, ikastaroa burutu zuten 18 emakumeetatik 17k enplegua aurkitu dute. Toki Garapenerako Agentziak egoitza eta eguneko zentro ugarirekin esku hartzeko ahalegin handia egin du, Abanto Zierbenako 45 urtetik gorako emakume langabe horiei lan-munduan sartzeko aukera bat eman ahal izateko. Hala, guztion arteko ahalegin horren truke, saria jaso dugu: lanpostuak”, esan du alkateak.

Zehazki, parte-hartzaileen % 94,4 kontratatu dituzte; kontratuen % 82,3 arlo soziosanitariokoak izan dira, eta 6 hilabeteko 5 kontratazio egin dira.

Erakundeetako arreta soziosanitarioaren ikastaroa arrakasta betea izan da, bai, baina Lanberri proiektuari esker eman eta eskaini diren gaitasun-ikastaroek ere onarpen handia izan dute, guztira 109 abantoar trebatu baitira. Ikastaroak askotarikoak izan dira: eskolako jantokiko laguntzaile izatekoa, zuntz optikoa instalatzen ikastekoa, eta 10.000 kilora arteko manutentzio-eskorgen operadore izatekoa, besteak beste.

“Udalerriko enplegu-aukerak hobetzeko ahaleginean jarraituko dugu. Badakigu prestakuntza dela lanpostu berri bat lortzeko gakoa eta bidea; hortaz, Toki Garapenerako Agentziak lanean jarraituko du lan-eskaintzak sor daitezen eta lanpostuotarako langile egokiak egon daitezen”, esan du Etxebarriak, bukatzeko.