Albisteak

 

Ekainaren 26tik 30era, izena ematen dutenek Udalak diruz lagundutako produktu fitosanitarioei buruzko lehen ikastaroan parte hartu ahal izango dute Abanto Zierbenatik atera beharrik gabe.

“Herritar askok eskatu digute era honetako ikastaro bat erroldatuen esku jartzeko”. Orain arte, berrogeita hamar pertsona inguruk eman dute izena eta, ondorioz, plazak bete egin dira. Udalak diruz laguntzen du ikastaroaren % 40; horri esker, parte hartzen dutenek 30 euro baino ez dituzte ordaindu beharko”, azaldu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak; izan ere, Udalak guztira 1.000 € jarriko ditu ikastaroa diruz laguntzeko.

Garrantzitsua da lurrak tratatzeko ekipoez arduratzen direnek eta beren ustiategiak kudeatzen dituztenek ahalik eta toxikotasunik txikieneko pestizidak erabiltzea; horrez gain, beharrezko ezagutzak izan beharko dituzte era horretako produktuak behar bezala erabiltzeko eta segurtasuna mantentzeko neurriak hartu beharko dituzte, bai haien osasuna bai ingurumena babesteko, hondakin gutxiago sortzeko eta ingurumena gutxiago kutsatzeko. Ikastaro honen bitartez, parte-hartzaileek produktu fitosanitarioak erosteko eta manipulatzeko txartela jasoko dute.

Horrez gain, laneko arriskuen prebentzioaren arloko prestakuntza emango da, jarduera osasunarentzat hobeak diren baldintzetan egiteko, eta pestizidak erabiltzeak gizakion osasunerako dituen arriskuen berri ere emango da.

Jada izena eman duten 50 pertsona horiek hartuko dute parte ikastaroan, 28 orduz, ekainaren 26tik 30era, biak barne (guztira, 5 egun), 15:00etatik 20:00etara, Gallartako Kultur Etxeko Ekitaldi Aretoan. Udalerrian erroldatuta dauden pertsonek baino ezingo dute parte hartu. Datozen egunotan, parte-hartzaileei ikastaroa nola ordaindu jakinaraziko zaie eta, hala, behin betiko zerrenda zehaztuko da.