Albisteak

 

Abanto Zierbena inauterietako magiaz blai egingo da asteburu honetan; izan ere, ostiral honetan, hilaren 24an, ongietorria egingo dio Don Carnali, El Minero etorbidetik Txikito pilotalekurainoko mozorro-desfilearekin. El Casal, Buenos Aires eta Etorkizuna Ikastola zentroetako 465 ikasle aterako dira desfilean, 55 irakaslek lagunduta, eta Gallartako Txikito pilotalekuan Disko Festa itzelaz gozatu ahal izango dute guztiek. Gainera, are zapore hobea uzteko, guraso-elkarteek txokolate-jan gozo-gozoa prestatuko dute.

“Ikasleen kalejira, goizeko hamaiketan, kolorez, originaltasunez eta giro paregabeaz beteriko desfilea izango da. Arratsaldean, berriz, Las Carrerasen izango da festa: sei eta erdietan, Haritzalde plazan, txiki zein handiak dantzan ibiliko dira etengabe, inauterietako berbenarekin”, esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Zierbena inauteriz mozorrotuta egongo da asteburu guztian; hortaz, larunbatean, hilaren 25ean, mozorroak erakutsi beharko dira kalean. Goizeko hamaiketan musika hasiko da, eta dantzek Gallartako kaleak hartuko dituzte, Meatzaldeko Harrigorriaga Dantza Taldearen eskutik. Arratsaldean, bost eta erdietan, Gallartako inauterietako jaitsiera izango da. Marciano iturritik hasi eta Eusko Gudariak plazaraino, animatzen diren kuadrilla eta familia denek primeran pasatuko dute batukadaren eta Abanto Musika Eskolako musikarien erritmoan. Gainera, Meatzaldeko Harrigorriaga Dantza Taldeak landa-aratusteak aurkeztuko ditu, hau da, euskal tradizioko pertsonaiez betetako antzezlan bat, sua eta kea protagonista dituena.
Eguna bukatzeko, Eusko Gudariak plazan musika-jai paregabea izango da; lehenago, ordea, mozorro-lehiaketa eta sari-banaketa egingo dira, eta txikorgien lehiaketa ere jokatuko da. Horrekin guztiarekin batera, Gallartako Emakumeen Kultur Elkarteak txokolate-jan goxo-goxoa prestatuko du.

Aldi berean, Las Carrerasen, sei eta erdietan, karaokea eta dantzaldia izango dira pilotalekuan, Raspuren eskutik. Handik gutxira, txigorkien eta eskuz egindako mozorroen X. lehiaketa hasiko da, Laskabailak antolaturik. Parte-hartzaile guztiek desfilea egingo dute, eta, gero, mozorrorik originalenak sarituko dira.

“Desfilea zazpi eta erdietan izango da, eta Gure Mendi Zaharrak elkarteak banatuko ditu sariak. Herritar guztiei dei egiten diegu parte hartzera eta inauteriez gozatzera, hemen, euren herrikideekin. Izan ere, bene-benetako inauteriak izango ditugu, jardueraz jositako asteburua, eta ezin hobeto pasatuko dute”, adierazi du Etxebarriak.

Las Carrerasek erritmoari eutsiko dio igandean ere: otsailaren 26an, goizeko hamaiketan, Enarak Dantza Taldeak Lantzeko inauteri tradizionala irudikatuko du antzezlan guztiz interesgarri eta bitxi batekin, La Trinidad, San Lorenzo, El Minero eta Haritzalde auzoetan zehar.

Eta, hurrengo asteburuan, Sanfuentesera helduko dira inauteriak. Larunbatean, martxoaren 4an, kalejira egingo du Meatzaldeko Harrigorriga Dantza Taldeak goizeko hamaiketan. Eguerdiko hamabietatik ordu bietara arte, haurrentzako tailerrak egingo dira SANJAIBA elkartearen lokalean. Arratsaldeko seietan, festarekin segitzeko, mozorroen jaitsiera egingo da Santa Luziatik Pilar Abin plazaraino. Publikoak Herrizaleak taldeko txistuen soinuaz eta Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldearen meatze-landa aratusteaz gozatuko du. Gero, Diskofesta antolatuko da pilotalekuan, eta txokolatea eta txigorkiak banatuko zaizkie bertaratzen direnei.

“Musika, gozamena eta ezusteko ugari izango ditugu asteburu honetan, gure herrikideak mozorroen artista itzelak direlako, eta benetan jantzi originalak aterako dituzte, seguru. Giro bikaina bermatuta dago, beraz. Eskerrak eman nahi dizkiegu SANJAIBAri, Las Carrerasko Jai Batzordeari, Gallartako Emakumeen Elkarteari, Abanto Musika Eskolari eta Beti Abanto Sahararekin taldeari, inauterietako jarduerak antolatzen laguntzeagatik, eta Enarak Dantza Taldeari eta Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldeari ere bai, inauteri hauei kutsu tradizionala emateagatik Lantzeko inauteriaren eta Abantoko landa-meatze aratusteen antzezlanarekin. Eskerrik asko, Abanto Zierbenan inauteri dibertigarriak, tradizio handikoak eta punta-puntakoak egiteagatik”, azaldu du Etxebarriak.

Meatzaldeko zaporeko inauteriotan, kaleetan zehar ibiliko dira Bizkarbaltza, animalia-burua duen izaki beltz handia, eta Artauntxoa babeslea. Ez dira bakarrik ibiliko, baina: bidelagun izango dituzte Beldarroia, Zangaluzea, sorginak eta Hartza, herria magiaz eta historiaz bustitzen.

Abanto Zierbena festaz mozorrotuko da.