Albisteak

 

Bueltan da berriro udazkeneko merkataritza-bonua, udalerriko merkataritza txikia babesteko eta sustatzeko helburuz. Abanto Zierbenako Udalak, Abanto Zierbenako Merkatarien eta Ostalarien Elkartearekin batera, “Erosi Abanto Zierbenako dendetan” kanpaina jarri du martxan. Aurtengo kanpainan ere Laboral Kutxarekin lan egin du merkatariei gestioekin laguntzeko.

Merkataritza Dinamizatzeko Planaren barruan abiatu du kanpaina Udalak, urte hauetan tokiko merkataritza espezializatuetako kontsumoa aktibatzeko beste kanpainen arrakasta bera lortzeko asmoz, baita herritarrei dirua aurrezten laguntzeko ere.

“Udal-plan honen oinarrizko helburua beti izan da tokiko saltokietako bezeroak fidelizatzea; horretarako, establezimenduekin esku hartu da eskaintza erakargarri eta lehiakorra diseinatzeko lanean. Merkataritza-bonuarekin eta beste neurri batzuen bitartez, kalitatearen arloan lehiakorrak izan nahi dugu, eta, gainera, lortu nahi dugu saltokiek prezio onuragarriagoak eskaini ahal izatea datorren hau bezalako salmenta-kanpaina garrantzitsuen bidez”, adierazi du Maite Etxebarriak.

Beti bezala, bonu bakoitzak 20 euro balio du, baina dendetan 30 euroko balioa du, eta soil-soilik kanpainarekin bat egin duten Abanto Zierbenako dendetan erabil daiteke. Bonuak ahalik eta herritar gehienek erabili ahal izan ditzaten, NAN bakoitzeko bi bonu baino ezingo dira erosi. Horrela, ahalik eta pertsona gehienek aprobetxatu ahal izango dute kanpaina. Gainera, informatikoki kontrolatuko da zenbat bonu saltzen diren NAN bakoitzeko, eta NANaren titularrak baino ezingo du erosketa egin dendan bertan.

“600 bonu aterako dira denera, guztiak amaitu arte. Merkataritza-bonuarekin, herritarrek % 33 aurreztuko dute erosketak egitean, eta, era berean, merkatari txikiek euren salmentak sustatzeko egiten duten lan ona eta haien gertutasuna sarituko da. Ikusirik zer-nolako harrera ona izan zuen joan den udaberriko merkataritza-bonuaren salmenta-puntuak ugaritu izanak, oraingoan ere herriko hainbat lekutan erosi ahal izango dira txartelak, goizez zein arratsaldez, bonuak eremu guztietan bana daitezen”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Udazken honetan, 45 establezimenduk parte hartuko dute merkataritza-bonuekin, eta horrek izugarrizko bultzada emango die bai dendei bai kontsumitzaileei. Berriro ere, 30 euroko bonuak 10 euroko bi bonutan eta 5 euroko beste bitan zatituko dira; horri esker, gutxiago gastatu ohi den denda eta tabernetan ere erosi ahal izango da”, esan du alkateak.

Udazkeneko merkataritza-bonua erabiltzeko arauak aurreko edizioetakoen berberak dira; hain zuzen ere, ezingo dira bi bonu baino gehiago eskuratu aldi berean. Bonodenda behin bakarrik erabili beharko da, eta, erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa izanez gero, ez da dirurik itzuliko eskudirutan. Bonuak ezin dira eskudirutan aldatu, eta inola ere ez da itzuliko bonuaren zenbatekoa. Asko jota bi bonu erabili ahal izango dira erosketa-txartel bakoitzeko.
Kanpainarekin bat egin duten establezimenduen artean honako hauek daude, besteak beste: ile-apaindegiak, tabernak, harategiak, arrandegiak, fruta-dendak, argazki-dendak, arropa-dendak, altzari-dendak, hortz-klinikak... Guztira, 45 saltokitan gastatu ahal izango da bonodenda.
“Bonodenda ateratzen dugun zazpigarren aldia da hau. Horrela, mesede egiten diegu alde batetik saltoki txikiei, salmentak bultzatzen ditugulako, eta bestetik herritarrei, deskontuak ematen dizkiegulako. Negua iristear da, eta prest egon behar dugu; bada, horretarako ez dago bonodenda patrikan izatea baino modu hoberik. Kanpainarekin, 18.000 euro lortzen dira tokiko merkataritzarako, eta udalak 7.000 euro jarri ohi ditu edizio bakoitzean. Horrek bultzada ikaragarria ematen die kontsumitzaile eta merkatariei, eta, horregatik, oso litekeena da datozen edizioetan bonu gehiago jartzea salgai, herritar gehiagorengana iritsi ahal izateko”, azpimarratu du Etxebarriak.