Albisteak

 

Martxoan Abanto Zierbenako liburutegietako programazioa berritzen da, eta aurten helduak nahiz haurrak irakurtzera animatzeko doako jarduera gehiago egingo dira.

“Aurten, berritasun gisa, 1 eta 3 urte bitarteko haurrentzako ipuin-kontalariaren saioak antolatuko ditugu. Orain arte ez dugu adin horretako publikoarentzako jarduerarik egin. Artista eta ipuin-kontalari gehiago egongo dira ikusgai; gurekin izango dira, esaterako, Maite Franco, Amaia Afanador, Alberto Bargos, Saroa Bikandi eta Raúl de la Cruz. Letren ilusionista aparteko horiek gure liburutegietara etorriko dira eta ikuskizun itzelak egingo dituzte, gu guztion gozamenerako”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Alabaina, udal-liburutegietako ateak irekita egongo dira helduentzat ere. Duela lau urtetik ipuinak kontatzen ikasteko tailerrak egiten dira Gallartako Liburutegian. Aurten berriz ere egingo dira eta, bi prestakuntza-tailerren bidez, bertaratzen direnek ipuinak interpretatzeko oinarrizko teknikak ikasiko dituzte, ahotsa eta gorputza erabiliz. Horrez gain, gure ipuin ospetsuenek helarazten dituzten mezuak aztertuko dituzte bertaratzen direnek, haietan ezarritako estereotipo edo patroiei arreta berezia emanez; izan ere, askotan, ipuinek rol oso zehatzetan sailkatzen dituzte gizon eta emakumeak. Tailerren helburua da, horrenbestez, klixe horiek gainditzea eta literaturaren bitartez berdintasuna sustatzea. Jarduera horiek lotura dute Meatzaldeko udaleko Berdintasun sailarekin.

“Liburutegietan bi saio egingo dira, Maite Frankoren eskutik. Eskarmentu handiko ipuin-kontalari horrek istorio edo ipuin on bat jendaurrean kontatzeko gakoak emango dizkigu. Ipuin horiek izan daitezke belaunaldiz belaunaldi igaro diren ipuin herrikoiak edo eskuragarri ditugun ipuin sortu berriak. Ez dugu ahaztu behar ipuinek ahalmen hezigarri handia dutela, lehen, orain eta beti”, adierazi du Etxebarriak.

Haurrentzako, ipuin-kontalariaren 6 saio egongo dira, hiru udalerriko liburutegi bakoitzean. Saio horietako lau 5 eta 8 urte bitarteko haurrentzat izango dira, eta bat 3 eta 5 urte bitartekoentzat.

“Saioak euskaraz izango dira eta aldez aurretik izena eman beharko da, udalerriko liburutegietan, bertaratuko diren pertsonen kopurua kontrolatu ahal izateko. Azken urteotan gehieneko jende kopurua gainditu da behin baino gehiagotan. Saio batzuetan 35 haur baino gehiago izan dira; guztira, 150 haur eta heldu baino gehiagok hartu dute parte jardueretan 2016an. Eskaintza zabala eta publiko guztientzako egokia da; beraz, Abanto Zierbenako familiak animatu nahi ditugu jarduera horietan izena ematera eta beren seme-alabekin tarte atsegin bat igarotzera”, esan du Etxebarriak.

Urrian, berriz, IV. Haurren Irakurketa Lehiaketa egingo da. Bertan, 6 eta 11 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute, eta horri esker berealdiko irakurle bilakatuko dira. Udal-lehiaketa horren helburua da euskarazko irakurketa sustatzea, baina baita liburutegiaren erabilera ere, aisialdirako gune gisa.

Abanto Zierbena irakurketaren alde.