Albisteak

 

2016. urtea historikoa izan da Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoarentzat, bisitarien marka hautsi baitu. Iaz, 16.231 pertsonak gurutzatu zuten Concha II meategiaren ondoan dagoen pinakoteka horren ataria.
“Balantzea oso positiboa da; izan ere, gure museoak aise gainditu du 15.000 bisitarien muga, eta 2015ean baino mila bisitari gehiago izan ditu. Gero eta jende gehiagok nahi du gure udalerriaren eta gure eskualdearen historia ezagutu, eta museo honen bitartez lortzen dute hori. Harro egoteko arrazoia da hori guretzat”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Joan den urteko bisitarien balantzeari dagokionez, esan beharra dago urrian izan zela bisitari gehien: 1.844 bisitari, hain zuzen ere. Oraindik ere, udako hiletan izaten da bisitari gutxien, abuztuan batez ere.

“Banakako bisitaldiak, asteburuko bisitaldiak eta jaiegunetakoak esponentzialki areagotu dira. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa aisialdiko plan bikain bilakatzen ari da bikoteentzat, familientzat eta lagun taldeentzat, eta nabaritzen da”, adierazi du Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko zuzendari Ohiane Uribelarreak.

Jatorriari dagokionez, aurten ere bisitari gehienak, 14.912, euskaldunak izan dira; horietatik 13.696 Bizkaikoak, 752 Gipuzkoakoak eta 464 Arabakoak. Estatu osoa kontuan hartuta, batez ere Kantabriatik, Madriletik, Kataluniatik, Nafarroatik eta Errioxatik etorri dira bisitari gehienak. Nazioarteko bisitariei dagokienez, berriz, gehienak frantsesak izan dira (132 pertsona). Dena dela, azpimarratu beharra dago joan den urtean 42 alemaniar, 25 errusiar eta 25 estatubatuar bertaratu zirela, baita japoniar bat ere, eta Peruko, Nikaraguako, Kolonbiako, Australiako eta Argentinako bisitariak ere izan zirela.

Hala ere, meatzaritzaren historia ezagutzeko asmoz museoa gehien bisitatzen dutenak Bizkaiko ikasleak dira. Zenbakiak txundigarriak dira: 4.413 ikasle etorri ziren Bizkaiko eskoletatik joan den urtean, eta 17.652 euro ordaindu zuten guztira.

“Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa bisitatzea Bizkaiko eskola guztien agendetan dago, eta hori funtsezkoa da, museoa biziz betetzen duelako. Horrez gain, burdinaz forjatutako hemengo historia ikasten dute ikasleek, eta, kasu askotan, euren jaioterriari buruzko sustraiak ezagutzen dituzte”, adierazi du Etxebarriak.

Eskaerarik handiena duten jardueren artean, erakusketa iraunkorra ikusteko bisita gidatuak eta harria zulatzeko tailerra izan dira nagusi; azken hori 2012tik dago abian.

“Urte osan aldi baterako 3 erakusketa egon dira. Bisitariek ‘Trianoko trenbidearen 150. urteurrena’ izeneko erakusketa izan dute gustukoen; urtearen hasieran egin zen, eta trenbideari loturiko hainbat elementu, argazki eta informazio-panel zituen, Trianoko meatze-trenbidearen historia kontatzeko, duela 150 urte martxan jarri zenetik aldiriko garraio-sarearen barruan bidaiariak garraiatzeko linea bilakatu zen arte”, esan du Uribelarreak. Horrez gain, Abanto Zierbenako Udalaren laguntzarekin, museoak herriko hainbat zeharkako jardueratan ere parte hartzen du; besteak beste, kultura-egitasmoetan, ekitaldietan eta festetan, euskara sustatzeko lanetan eta berdintasuna lortzeko ahaleginetan.

 “2017a ilusioz beterik hasi dugu, eta aurten Meatzaldeko beste eskualde-proiektu bat ere badugu: Euskadiko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkea. Parke hori Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute, eta Meatzaldeko meatzaritza-, ingurumen- eta kultura-baliabide guztien ardatz estrategikoa izango da. Horrez gain, egungo museoa osatu eta sustatuko du, eta 2016ko 16.231 bisitariak gainditzen lagunduko digu”, adierazi du Etxebarriak. Aukera bikaina da Meatzaldeko udalerrientzat, balioa ematen baitie haien meatze-historiari, paisaian eta kulturan utzi duten ondareari eta tokiko zein eskualdeko ekonomiari egiten dioten ekarpenari”.