Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udala komunikazio zuzen eta gardenaren aldeko apustua egiten ari da. Hori dela eta, udal-webgunean aplikazio berri bat jarri du, herritarrek kexak, iradokizunak eta eskerrak utz ditzaten.

“Orain, herriarekin, obrekin, zerbitzuekin, kultur ekintzekin edota kirol jarduerekin zerikusia duen gai bati buruz hitz egiteko, herritarrak berehala jar daitezke harremanetan Udalarekin, edozein unetan eta edozein tokitatik. Orain arte postontziak egon dira udalerriko hainbat lokaletan, eta, bertan, inprimakiak utzi ahal ziren; aurrerantzean, inprimakiok herritarren eskura egongo dira klik bakar batean. Komunikatzeko tresna erraz eta eroso bat da: ‘bidali’ sakatu, eta Udalera iritsiko da”, azaldu du Argiñe De la Cruzek, Gardentasunaren, Herritarren Parte-hartzearen eta Informazioaren Arloko zinegotziak.

Aplikazio hau ez da aurretik deskargatu behar; konektatzean erabil daiteke. Gorabeheraren berri emateko, erabiltzaileak ez badu nahi, ez da beharrezkoa izango identifikatzea, postontzi laranjetan uzten diren inprimakietan bezala. Hau da, kexak, iradokizunak edo eskerrak anonimoak izan daitezke, erabiltzaileak hala nahi badu.

“Kexa edo iradokizuna izengabekoa bada, ezingo diogu zuzenean erantzun. Aplikazioak hogeita hamar bat aukera ematen ditu kexa- eta iradokizun-motetarako. Horrela errazagoa izango da erabiltzea, baina edozein gai aurkezteko aukera egongo da. Era berean, udal-zerbitzu bati buruzko informazioa eska daiteke. Kanal hau herritarrei irekita dago erabat. Tresna honekin jasotzen den guztiak ez du administrazio-espedienterik abiaraziko”, adierazi du Argiñe De la Cruzek.

“Komunikabide berri hau irekitzearen helburua da Udala herritarrengandik gertuago egotea edo, hobeto esanda, herritarrak Udalarengandik gertuago egotea, beraien auzoaren errealitatea eta egunerokotasuna udaletxean islatzeko modu erraz eta azkarrean”, esan du, amaitzeko, Jon Cuestak, Auzoetako zinegotziak.