Albisteak

 

Uda iritsi da, eta Abanto Zierbenako herritarrek herritik atera gabe freskatzeko aukera izango dute: Gallartako udal-igerilekuetako solariuma irekita dago berriro, nahi duenak erabil dezan.

“Iaztik, Udalaren kirol-guneak ordutegi berria du; orain ordu gehiagotan egoten da irekita, herritar guztiek, haur nahiz heldu, ekipamendu hori ahalik eta gehiena aprobetxatzeko aukera izan dezaten. Iaz bezala, kiroldegiak etenik gabeko ordutegia izango du asteburuan (larunbat zein igandean), 10:00etatik 21:30era; astelehenetik ostiralera, berriz, 9:00etatik 21:30era egongo da irekita. Ordutegi hori izango du udako denboraldia amaitu arte, alegia irailaren 15era arte”, esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Igerilekuen ondoko solariuma herriko oasi bihurtzen da urtero. Freskatzeko aukera bikaina da, eta gero eta jende gehiago bertaratzen da. Gogorarazi behar da solariuma belar naturaleko gainazal lau bat dela, 2.000 metro koadrokoa. Eguna hondartzan egongo bagina bezala igarotzeko pentsatuta dago, edo are hobeto; izan ere, erabiltzaileek “lau errenkan” joko erraldoiak, erraketa-sorta osoak, ping-pongeko mahaia eta saskibaloiko taula bat dituzte erabilgarri.

Uztail osoan, 17:00etatik 20:00etara, begirale euskaldun bat egongo da bertan, haurren jolasak dinamizatzeko eta berdegunean jende gehien dabilen orduetan arazorik sortzen ez dela zaintzeko.

“Dena prest dugu herritarrak beren toallarekin etor daitezen, erlaxatu eta gozatzera. Urte osoa lanean igaro ostean, heldu nahiz haurrek leku freskagarri eta dibertigarri bat edukitzea merezi dute, familia osoarentzat pentsatua. Udalak ahalegin ekonomiko handia egin behar izan du solariuma ordutegi horiekin abian jartzeko, ia egun osoan irekita, baina uste dugu inbertsio hori egitea beharrezkoa dela gure herritarren ongizaterako”, azaldu du Etxebarriak.

Solariumetik zuzenean sar daiteke igerilekura, bai eta gainerako zerbitzuetara ere; besteak beste, gimnasiora eta kafetegira. Hainbat elementuz hornituta dago: otorduetarako mahaiak eta eserlekuak, paperontziak eta, bereziki, haurrentzako jolas-gune bat, kulunkekin eta txirristarekin. Liburutegi txiki bat ere badago, aire zabalean irakurri ahal izateko. Halaber, doako wifi zerbitzua izango dute bertaratzen direnek.

Ohi bezala, instalazioa itxita egongo da abuztuko bigarren hamabostaldian (15etik 31ra, biak barne), mantentze-lanak egiteko; besteak beste, helduen igerilekuko junturak berdintzeko. Lan horietarako, junturak garbituko dira, arrabotatuz eta rotaflexarekin harraskatuz, eta junteatzeko materiala emango da. Iaz haurren igerilekuko lurreko lauza guztiak aldatu ziren eta junturak berdindu ziren; beraz, aurten, urtean zehar aurkitutako akatsak konpondu besterik ez da egin beharko.

“Dena den, mantentze-lanak egin dira ‘hondartza’ jendearentzat ireki baino lehen ere: oinak garbitzeko kanpoko dutxetako lauzak konpondu dira, pikatuta eta solte baitzeuden”, jakinarazi du Etxebarriak.

Abuztuan instalazioen barneko aldea ere pintatuko da, eta binilo apaingarriak jarriko dira. Hobekuntzetarako aurrekontua ia 35.000 eurokoa da. Horrez gain, instalazioa itxiko dela aprobetxatuz, korrosioaren ondorioz hondatuta dauden estalkiko tiranteak eta euskarriak saneatuko dira.

“Alabaina, kirol-instalazioetan beste aldaketa garrantzitsu bat ere egingo da: irailetik aurrera, igerilekuetako tabernarako beste sarbide bat egongo da. Hain zuzen, tabernarako sarrera independente bat egingo da, igerilekuetako instalazioetarako sarrera nagusitik, kafetegia kiroldegiaren ordutegiaren mende egon ez dadin. Udalak 6.000 euro inbertituko ditu horretarako, baina askatasun handiagoa emango dio negozioari eta bizitza gehiago eremu honi”, jakinarazi du Etxebarriak.

Bigarren urtez jarraian, kirol-instalazioak irekita egongo dira larunbat eta igandean. Iaz erabiltzaileek babesa eman zioten egitasmo horri, eta aurten ere arrakasta bera izatea espero du Abanto Zierbenako Udalak.

Abanto Zierbena, etorri eta freskatu.