Albisteak

 

Ikasle askok eskatu dute Gallartako liburutegiak ordutegiak luzatzeko, eta, 2017. urtearekin batera, ordutegi berria martxan jarri da. Orain, liburutegia irekita dago 10:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara; hortaz, astean zehar, bost ordu gehitu dira.

“Orain arte, liburutegia 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara irekitzen zen. Aldaketa honekin goizeko zerbitzua indartu nahi da, bi orduz bakarrik irekitzea nahikoa ez zelako. Luzapen horrekin, gobernu-taldeak Abanto Zierbenako herritarrei erantzuna ematen die, izan ere, orain dela asko ari ziren eskatzen liburutegiaren ordutegia luzatzeko. Gainera, gogoratu behar dugu ordutegia luzatzea gure hauteskunde-programan jasotzen zela, udalerrian bete beharreko eginkizunen artean; eta bete egin dugu", azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Abanto Zierbenak bi liburutegi ditu; horietako bat Gallartan dago, eta, bestea, Las Carrerasen. Azken hori 16:00etatik 20:00etara irekitzen da. Abanto Zierbenako liburutegiek, guztira, 2.913 kide dituzte; 2016an, gutxi gorabehera, 12.000 bisita jaso zituzten eta etxez etxe 9.076 liburu mailegatu zituzten.

Liburutegiek 31.328 aleko funtsa dute; horietatik 17.188 Gallartako Liburutegiarenak dira, eta 14.140, Las Carrerasko Liburutegiarenak. Funts hori etengabeko mugimenduan dago; izan ere, urtero, dokumentu berriak eskuratzen dira erosketa edo dohaintzen bidez. Gainera, garbiketak ere egiten dira, narriatuta dauden aleak baztertzeko.

Abanto Zierbenako liburutegiek beren funtzioei lotutako jardueren programazio anitza dute: irakurketa-lehiaketak, gazteentzako eta helduentzako ipuin-saioak, helduentzako ipuinen ahozko kontaketa-tailerrak, irakurketa publikoko saioak, udalerriko irakurketa errazeko tailerrekiko kolaborazioak, erabiltzaileen prestakuntza…

“Gure liburutegiak behar bezala ekipatuta daude eta, orain, erabiltzaileen beharrei egokitutako ordutegia dute. Udalerriko ikasle guztiek ikasteko ekipamendu ona izan behar dute eskura; horri begiratzen diogu, eta hori lortzeko lan egiten dugu", adierazi du Etxebarriak.

Gainera, nobedade-buletinak egiten dira, gauzatzen den funts-erosketa bakoitzarekin, gai anitzei buruzko irakurketa-gidak; eta uda guztietan, haur eta gazteentzako irakurketa gomendatuak biltzen dituzten gidak argitaratzen dira.

Irakurketa sustatzeko María Moliner XVII. kanpaina

Gallartako liburutegia hautatu dute Hezkuntza, Kultura eta Kirola Ministerioak Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioarekin eta Coca-Cola Juan Manuel Sainz de Vicuña Fundazioarekin lankidetzan antolatu duen Irakurketa sustatzeko María Moliner XVII. kanpainarako.

Irakurketa sustatzeko kanpaina 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei zuzentzen zaien lehiaketa bat da. Horren bidez, beren liburutegietan garatzen diren irakurketa dinamizatzeko jarduerarik edo proiekturik onenak saritzen dira. Kanpainaren xedea irakurketa sustatzea da gizarte-talde guztien artean, bereziki haur eta gazteen artean, haiek baitira, etorkizuneko heldu irakurleen oinarria osatzen dutenak.

Kanpaina honen bidez, 300 liburutegi saritzen dira; horiek liburu-sortak jasotzen dituzte, urte bakoitzeko nobedadeen artean aukeratuak, eta arreta berezia jartzen da haur eta gazteentzako izenburuetan. Liburu-sorta hori, halaber, egungo literatura- eta ilustrazio-ekoizpenaren erakusgarri izan nahi da.

Ekimen honen bidez, udalerri txikiak sustatzen dira eta irakurketa bultzatzen da oro har liburuak eskuratzeko zailtasuna dagoen lekuetan. Programa honek garrantzi estrategiko handia du; izan ere, biztanleriaren erdia, gutxi gorabehera, 50.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan bizi da. Hortaz, ekimen honek eragin handia du lurraldean. Kanpainaren azken edizioetan, udalerrien erantzuna oso positiboa izan da; gaurko egunera arte, 11.000 proiektu aurkeztu izan dira, 2.300 udalerriren eskutik.

Euskadin 11 liburutegi hautatu dira: 3 Araban, 1 Gipuzkoan eta 7 Bizkaian.

“Oso harro gaude kanpaina honetarako hautatu gaituztelako, irakurketa kultura delako, irakurketa hezkuntza delako; eta, gainera, kalitatezko aisia ere bada. Gure haurrek ahalik eta liburu kopuru gehiena izan behar dute eskura, irakurketa beren bizitzaren parte izateko eta eguneroko bizitzan egoteko. Horregatik, gurasoak ere animatzen ditugu, beren seme-alabekin liburutegia ezagutzera. Familiako plan bat bilakatu behar dugu liburutegira liburu bila joatea, irakurtzea, liburuak itzultzea eta beti-beti, liburu gehiagoren bila bueltatzea”, adierazi du Etxebarriak.

Baina liburutegietara irakurtzera ez ezik, ikastera ere joaten da. Horregatik, Gallartako liburutegia handitzeko aukera aztertzen ari da, ikasteko gela iraunkor bat izan dezan, Abanto Zierbenako ikasleen beharrei erantzuteko.

“Ordutegia luzatzearekin batera, ikasteko gela bat sortu ahalko bagenu, erabateko zerbitzua eskainiko genieke gure ikasleei eta, oro har, publiko guztiari; eta horretan lanean ari gara orain, udal-ekipamendu hori behar bezala indartzeko xedearekin", azaldu du Etxebarriak.