Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak bizilagunen eskura jarriko ditu urritik aurrera "Erlaxazio fisiko eta mentalerako praktikak" ikastaroak. Ikastaro horietako bat udalerriko adinekoentzat izango da, eta bestea, berriz, helduentzat.

Helduentzako ikastaroa Las Carrerasen egingo da, asteazkenero, 10:30-11:30 bitartean, eta adinekoentzako ikastaroa, berriz, Sanfuentes, Gallarta eta Las Carrerasko adinekoen elkarteetako lokaletan egingo da.

"Iaz, ia ehun bizilagunek gozatu zuten ikastaro hauetaz auzo desberdinetan. Erlaxazio-praktikak askotarikoak dira. Ikastarorako, praktikoak eta sinpleak direlako erraz erabili daitezkeenak eta onura handia dakartzatenak aukeratu dira. Aktiboak izan behar dugu gorputzez, baina baita buruz ere", adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.
Gainera, dantzatzeak ere asko erlaxatzen duenez eta osasuntsua denez, Abanto Zierbenako Udalak, Gallarta, Sanfuentes eta Las Carrerasko erretiratu, alargun eta pentsiodunen elkarteekin lankidetzan, dantzagarrien jarduera jarri du abian aurten.

Urte osoan, udalerriko adinekoek doan etekina atera eta gozatu ahal izango dute ekintza horretaz; izan ere, Udalak % 100 lagunduko du diruz jarduera hori. Horretarako, Abanto Zierbenako Udalak 4.796 euro inbertitu ditu, aurtengo hilabete guztietan (abuztuan izan ezik), dantza interesatzen eta gustatzen zaien pertsona orok erritmoa jarraitzeaz goza dezaten, udalerritik atera beharrik izan gabe.

"Dantzatzea jarduera fisiko oso onuragarria da, oro har, pertsonen osasunerako. Are gehiago adinekoen kasuan; izan ere, beste pertsona batzuekin erlazionatzea dakar, bizitza soziala areagotuz, ahalegin handirik behar izan gabe" azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Hilabete bakoitzeko lehen larunbatean, arratsaldeko 17:00-19:00 bitartean, dantzagarriak eskainiko dira Las Carrerasko erretiratu, alargun eta pentsiodunen egoitzan.

Hilabete bakoitzeko bigarren larunbatean, arratsaldeko zazpietatik iluntzeko bederatzietara, erritmoa ez da geratuko Sanfuentesko erretiratu, alargun eta pentsiodunen egoitzan.

Hilabete bakoitzeko hirugarren larunbatean, arratsaldeko lauretatik seietara, dantzariek gozatzeko aukera izango dute Gallartako erretiratu, alargun eta pentsiodunen egoitzan.
Dantzatzea erraza da eta bertaratzen direnak buru-belarri arituko dira ikasten eta lorpen eta hobekuntzez gozatzen. Gainera, frogatuta dago autoestimua eta nork bere buruarekiko konfiantza areagotzen dituela, eta estresa eta antsietatea murrizten dituela. Garunari osasun-baldintza egokietan eusten dio. Halaber, pisu osasuntsua izaten laguntzen du, bai eta gorputzaren malgutasuna, arintasuna eta koordinazioa hobetzen eta muskuluak indartzen ere.

Dantza bakardadearen aurkako antidoto ezin hobea da.

Abanto Zierbenak dantzatzera aterako ditu bertako adinekoak.