Albisteak

 
Herritar askok zuten eskatua inauste-hondakinak biltzeko zerbitzu bat. Izan ere, Abanto Zierbenan 500 etxek baino gehiagok dute gune berdea udalerriko hiri-eremuaren barruan. Bada, Jon Cuesta auzoetarako zinegotziari helarazi zaizkio eskariok, eta berehala erantzuteko lanean aritu da hura, aurki inausketa-garaian sartuko baikara.

Hori dela eta, Abanto Zierbenako Udalak lorategia duten etxeetan proba pilotu bat egitea erabaki du, inauste-hondakinak biltzeko zerbitzua zer moduz dabilen ikusteko.

“Apiriletik ekainera bitartean egingo dugu proba, zerbitzuak nola funtzionatzen duen probatzeko. Aintzat hartu behar dira bildu beharreko kopuruak, bilguneen banaketa, bilketaren maiztasuna… Finean, gure herritarren neurrirako zerbitzu bat diseinatu behar da. Bide horretatik, konpromiso irmoa hartu dugu zerbitzu hau datorren urtean behin betiko ezartzeko; are gehiago, epea otsailetik ekainera zabalduko dugu”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Orain arte, herritar askok edukiontzien alboan uzten zituzten hondakinak, eta Udalak kendu behar izaten zituen. Horrenbestez, hondakinak biltzeko eta bideak garbitzeko udal-ordenantza betetzen ez zuen zerbitzu bat ematen zitzaien abantoarrei. Ordenantza horren arabera, herritarrek garbiguneetara eraman behar dituzte hondakinak, eta gertuen dagoen garbigunea Sestaokoa da.

“Zerbitzua berehala abiarazi nahi dugunez, bilguneak ez dira seinaleztatuko, baina gune berdea daukaten etxe guztietako postontzian informazio-orriak sartuko dira”, adierazi du Etxebarriak.
Gallarretak emango du zerbitzua: bere instalazioetan pilatuko ditu hondakin natural horiek, eta, gero, kudeatzaile baimendu bati emango dizkio, trata ditzan.

Udala arduratuko da adarrak, zuhaitz-muturrak, moztutako heskaiak eta halakoak jasotzeaz. Nolanahi ere, hondakinok ezingo dira izan metro bat baino luzeagoak, eta ezingo dira beste zabor-mota batzuekin nahastu.

“Hondakinak hil bakoitzeko lehen eta hirugarren astelehenean bilduko dira, eta denera 7 bilgune jarriko dira. Gallartan bi eremu aukeratu ditugu: alde batetik, Cotarro auzoa 22. zenbakiaren pareko gunea, eta, bestetik, Bizkaia plaza, edukiontzien ondoan, 5. zenbakiaren atzealdean. Sanfuentesen, berriz, Santa Luzia inguruan jarriko da bilgunea, garbitegiaren aldamenean. Montellanoko edukiontzietan ere jasoko dira hondakinak, 8. zenbakiaren parean. Azkenik, Las Carrerasen, gaur egun lorategi pribatu gehien dauden auzoetako batean, 3 bilgune ipini ditugu: El Campónen, Iturigoitin eta Trinitate plazan”, esan du alkateak.

Hondakinak bilketa egingo den astelehenaren aurreko igandeko goizeko zortzietatik astelehen horretako goizeko zortzietara bitartean atera ahal izango dira. Bestalde, udal-zerbitzu berrian interesa duten herritarrek kontuan hartu behar dute hondakinak ondo pilatu behar direla aukeraturiko bilguneetan, beste hondakinetatik behar bezala bereizita. Horrez gain, debekatuta dago inauste-hondakinak zerbitzu horretarako ezarritako ordutegitik eta egunetatik kanpo ateratzea, bai eta zerbitzurako ezarritakoak ez diren beste bilgune batzuetan uztea ere.

Informazio gehiago