Albisteak

 

10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira asteburu honetan Abanto Zierbenara, Expoaves azoka dela eta. Euskadiko hegazti-azokarik handiena da, eta sektoreko handienetan bigarrena, Kataluniakoaren ostean. Datu on horiek ikusita, antolakuntzak –Abanto Zierbenako Udala, Enkartur eta Eoalak elkartea– datorren urtean bigarren edizioa egiteko asmoa du.

«Jende kopuruak nabarmen gainditu ditu gure espektatibak, are gehiago lehenengo aldia zela kontuan hartuta», adierazi du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak. Bertaratu direnen artean gehienak seme-alabadun familiak ziren; hala ere, hazle eta zale ugari zeuden, bai ingurukoak, bai beste lurralde batzuetakoak, besteak beste Sevillakoak, Mallorcakoak, Galiziakoak, Burgoskoak, Palentziakoak, Leongoak, Valladolidekoak, Nafarroakoak eta, nola ez, Euskadikoak. Horrez gain, mila ikasle inguruk bisitatu zuten Gallartako Txikito frontoia, ostiral goizean.

Guztira, 500 animalia eta 288 kaiola baino gehiago saldu ziren, baita horiei lotutako beste hainbat produktu ere. Hemengo ostalaritzan ere nabaritu da jende ugari bertaratu dela. Sektoreko kideek azaldu dutenez, ExpoAves azokari esker konpentsatu egingo da Gabon hauetan espero den fakturazio apala, asteburuan izango dira eta. Bi larunbat goizak eta igandea izan dira ostalarientzat onenak.

Balantze on hori dela eta, Abanto Zierbenako Udala buru duen antolakuntzak bigarren edizioa egin nahi du 2017an, eta, hala, sektoreko ekitaldirik handienenetako bat bihurtu nahi du azoka eta etorkizunean jarraipena eman. ExpoAves-en 1.100 oilo baino gehiago, 380 uso, 174 anatido eta 92 mendi-untxi izan dira; denera, estatu osoko 1950 animalia eta 93 hazle.

Abanto Zierbenak besteak beste honako elementu estrategiko hauekin egin nahi dio ekarpena turismo-garapenari: Meatzaritzaren Museoa eta etorkizuneko Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultur Parkea, gastronomia eta turismo aktiboko jarduerak.

Kartela ikusi (PDF 11MB)