Albisteak

 

Meatzaldeko udalak asteon sinatuko ditu herriko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteekin lankidetzan jarduteko hitzarmenak, 42.229,55 euroko zenbatekoaren truke, elkarteok ikasturte honetan lan egin dezaten. Hirugarren urtea da Abanto Zierbenako Udalaren Hezkuntza Sailak horrelako hitzarmen bat izenpetzen duena.
“Guk erabateko konpromisoa daukagu hezkuntzarekin, haurrekin, eta familiako eta laneko bizitza bateragarri egiteko ahaleginarekin. Horregatik, IGEek proposatzen dituzten egitasmoak sustatzen jarraitu beharra dugu”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Hitzarmenetan sinatzen diren jarduketen helburu nagusia da, alde batetik, ikastetxeetako curriculuma jolas- eta prestakuntza-jarduerekin osatzea eta, bestetik, familien, irakasleen eta ikasleen partaidetza bultzatzea eta hezkuntzaren arloan berrikuntzak ezartzea.

Ikastetxe hauetakoak dira diru-laguntza jaso duten elkarteak: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Askartza Isusi, El Casal, Buenos Aires eta Etorkizuna Ikastola; Dolores Ibarruri BHI eta Abantoko Haur Eskola.

Aurten, herriko haur-hezkuntzako lau ikastetxeek 41.168,55 euro jasoko dituzte guztira; haur-eskolari 983,25 euro emango zaizkio. Hala, laguntza horri esker, haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxeek, haurren prestakuntzarako eta aisialdirako eskaintzen diren jarduerak ez ezik, 2 urtekoen gelarako laguntzaile bat jartzeak dakarren kostuaren % 50 ordaindu ahal izango dute (gela horietan, gutxienez 8 ume egon ohi dira). Bigarren hezkuntzako Dolores Ibarruri Institutuak 5.077,75 euro jasoko ditu.

IGEen proiektuen artean, lehentasuna ematen zaie eskolako bizikidetza garatzen nahiz hobetzen laguntzen duten eta herriko ikastetxeen arteko harremana sustatzen duten proiektuei.

“Diru-laguntza hauekin, eskolako kideen artean dauden desberdintasun sozioekonomikoak orekatu nahi ditugu, laneko eta familiako bizitza uztartzen lagundu eta, batik bat, ikastetxeen hezkuntza-proiektuak aberastu”, adierazi du Etxebarriak.

Ildo horretatik, laguntzen bitartez, askotariko tailerrak eta egitasmoak antolatuko dira, Abanto Zierbenan ikasten duten adingabeen heziketa osatzeko asmoz. “IGEek, lan egiteko, ezinbestekoa dute udalaren diru-laguntza, ez baitaukate beste diru-iturri nahikorik”, esan du alkateak.

Elkarteek honako hauek aurkeztu beharko dizkiote Udalari: gauzatutako ekintzen memoria xehatua, diru-sarreren eta gastuen balantzea, egindako ordainketen egiaztagiriak, eta diruz lagundutako egitasmo eta ekitaldiak direla-eta argitaratutako eskuorriak, kartelak, liburuak, bideoak, diskoak eta abar.