Albisteak

 

Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Europako Astean eta Eskolako Agenda 21en hamargarren urteurrenean gauden honetan, bizikleta ezingo dugu inola ere etxean utzi datorren larunbatean, hilaren 10ean. Izan ere, herrira iritsi da “Pedalkadak familiartean Abanto Zierbenatik”, bizikletaren inguruko festa handia, bi gurpilen gaineko abenturak maite dituzten familientzat.

“Familiarteko bizikleta-txangoa goizeko hamaiketan hasiko da, Gallartako Gaztegunean, eta ia 11 kilometroko ibilbidea egin beharko da bide berdetik. Jan-edanak –txoripanak, askotariko pizzak, freskagarriak eta fruta– helmugan egongo dira, Sanfuentesko pilotalekuan jarritako postuan. Aurreikuspenaren arabera, ibilaldia eguerdiko 13:30 aldera bukatuko da”, azaldu du Maite Etxeberriak, Abanto Zierbenako alkateak. Egitasmo honek agerian jarriko ditu bizikletaren alderdi onuragarriak: iraunkortasuna, osasuna eta kirola, besteak beste.

Goizeko txangoa, baina, larunbateko jardueren hasiera baino ez da izango. Arratsaldeko ordu bietatik bostak arte, ginkana bat izango da Sanfuentesko pilotalekuan: oztopo-zirkuitu bat, bizikletaren gaineko oreka hobetzeko. Jarduera horren bidez, haurrak bizikletan seguruago ibil daitezen lortu nahi da. Bizikletan ibiltzean, besteak beste teknika ona izateak ematen digu segurtasuna, eta, horregatik, ginkanaren bitartez kontrolpean izan beharreko funtsezko mugimenduak landuko dira.

Arratsaldeko 15:30etik aurrera, pilotalekuan bertan, oinarrizko mekanika, ezagutzak eta konponketak lantzeko tailerra emango da karpa batean, gurpila zulatuz gero zer egin irakasteko. Bizikletaren anatomia ezagutzea oso garrantzitsua eta onuragarria da txikientzat; izan ere, katea ateraz gero nola jarri edo bizikletaren ganbera nola aldatu ikasi ahal dute.

“Larunbat osoa bizikleta gainean emango dugu, familiartean modu osasuntsu eta ekologikoan gozatzeko, jarduera fisikoa eta garraiobide alternatiboak sustatzen baitira horrela. Gainera, hauxe izango da Eskolako Agenda 21en barruko ikastegiek parte hartuko duten ikasturteko aurreneko jarduera, baina ez azkenekoa. Eskerrak eman nahi dizkiegu urterik urte Abanto Zierbena iraunkorrago egiteko lan egiten duten ikasleei. Eta gogoan izan: bizikletak ez dira udarako soilik”, esan du Etxebarriak, amaitzeko.