Albisteak

 

Apiriletik ekainera, Abanto Zierbenan bizi diren eta lorategia duten herritar guztiek inauste-hondakinak jasotzeko zerbitzua izan zuten eskura, ia atez ate. Izan ere, probako esperientzian herritarrengandik oso hurbil zeuden hainbat bilketa-gune ezarri ziren. Esperientzia horri esker, apirilaren eta ekainaren artean, gutxi gorabehera, 50 metro kubiko inauste-hondar jaso dira.

“Udal-zerbitzu berria arrakasta hutsa izan da; hori dela eta, berehala hasiko den 2017tik aurrera, inauste-hondarrak biltzeko zerbitzua ezarriko da Abanto Zierbenan, eta urte osoan erabili ahal izango da. Herritar askok eskatu dute inauste-hondarrak jasotzeko zerbitzua; izan ere, kontuan hartu beharra dago Abanto Zierbenan 500 etxek baino gehiagok dutela lorategia hirigunean. Eskaera horiek Auzo Saileko zinegotzi Jon Cuestari helarazi zitzaizkion, eta hark lan handia egin du beharretara egokitzen den erantzun bat lortzeko. Erantzun hori, hain zuzen ere, udal-zerbitzuen aukeran inauste-hondarrak biltzeko zerbitzua sartzea izan da”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Jaso beharreko zenbatekoak, hondarrak uzteko guneen banaketa, bilketaren maiztasuna eta abar aztertu dira, eta, hori kontuan hartuta, herritarren beharretara egokitzen den zerbitzu bat diseinatu da. Orain arte, herritar askok zaborrontzien ondoan uzten zituzten inauste-hondarrak, eta Abanto Zierbenako Udalak kendu behar izaten zituen hondar horiek. Hala, hondakinen bilketari eta bideen garbiketari buruzko udal-ordenantzak ezarritakoa urratzen zuen zerbitzu bat ematen zitzaien abantoarrei; izan ere, ordenantza horren arabera, herritarrek hondar horiek Garbiguneetara eraman behar zituzten, eta hurbilena Sestaon dago.

Gallarretako probako esperientzian, hondakinak hango instalazioetan gorde dira, gero kudeatzaile baimendun bati emateko, hark hondakin natural horiek trata ditzan.

Udalak adarrak, zuhaitz puntak, landaresien hondarrak eta antzekoak bildu ditu. Datorren urtean, arauak ia berdin mantenduko dira, hau da, hondarrek ezingo dute izan metro bateko baino gehiagoko luzera, eta ezingo dira egon bestelako zaborrekin nahastuta.

“Bilketa hil bakoitzeko lehen eta hirugarren astelehenean egingo da, horretarako ezarritako guneetan; guztira 7 gune daude. Gallartan bi gune hautatu ditugu: Cotarro auzoan, San Miguel etxe multzoko 21. zenbakiaren ondoan, eta Bizkaia plazaren atzealdean, aparkalekuan. Sanfuentesen, berriz, bilketa-gunea Santa Lucian dago, garbitegiaren ondoan. Montellanoko edukiontzietan ere bota ahalko dira hondarrak, 8. zenbakiaren parean. Bukatzeko, Las Carrerasen, egun lorategi pribatua duten etxe gehien dagoen tokian, bi gune jarri ditugu: Trinidad plazan eta Antonio Trueba kalean, edukiontzien ondoan bi kasuetan", azaldu du alkateak.

Hondarrak aurreko igandeko goizeko zortzietatik dagokion asteleheneko goizeko zortziak arte atera ahalko dira. Udal-zerbitzu hori erabili nahi duten herritarrek jakin beharreko beste gauza bat da hondarrak behar bezala pilatu beharko direla hautatutako bilketa-guneetan, eta hondarrak beste hondakin batzuetatik bereiz bota beharko direla. Oraindik ere debekatuta dago inauste-hondarrak zerbitzu horretarako ezarritako egun eta orduetatik kanpo edo bilketa-guneetatik kanpo botatzea.

“Abenduan, lorategia duten etxeetara zerbitzu honi buruzko informazioa bidaliko dugu, auzokide berri edo arretagaberen bat egonez gero jakinaren gainean egon daitezen eta egitasmoarekin bat egin dezaten, inauste-hondarrak jasotzeko zerbitzu honek onurak jaso ahal izateko. Udal honek ahalegin handia egiten du gure herritarren beharrei erantzuteko; horretarako, egoera aztertzen dugu, eta konponbideak proposatzen. Hori da gure lan egiteko modua, eta badirudi bide onetik goazela; izan ere, abiatu ditugun egitasmoek harrera bikaina izan dute. Auzo Saileko zinegotzia herritarren aliatu bikain bilakatu da, eta Udalaren eta herritarren arteko lotura estua izan dadin ahalbidetzen du. Hori funtsezkoa da Abanto Zierbenak hobetzen eta aurrera egiten jarrai dezan”, esan du, bukatzeko, Etxebarriak.

 Kartela jaitsi (PDF 1MB)