Albisteak

 

Ongi etorri bertaratu zareten eta Abanto Lan 2016 Enplegu Programaren 1. fasean parte hartuko duzuen guztiei. Abanto Lan 2016 ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKIKO EKINTZEN markoan gauzatzen da eta Euskal Enplegu Zerbitzuak, LANBIDEk, bultzatzen eta diruz laguntzen du.

Ohore eta plazer handia da gaurko egun honetan Cristina Molano, Lanbideren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako arduraduna, gurekin izatea.

Abanto Zierbenako Udalak, Lanbideren laguntzarekin, “Abanto Lan” proiektua garatzen jarraitzen du. 2016. urte honetan, langabezian dauden 37 bizilagun izango dira tokiko enplegu-programa honen onuradunak.

Programa, lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituztenei eta gazteei zuzenduta dago, lanpostuak sortzeko garai zail honetan.

“Eskaintza kopurua igo ahal izan dugu; aurreko urtean 29 kontratu izan ziren eta 2016. urte honetan 37 izango dira.

Udalerriko enplegua bultzatzeko apustu irmo eta sendoa dugu”.

“Abanto Lan 2016” enplegu-plana urtean zeharreko hiru fasetan gauzatuko da eta bost proiektuk osatzen dute.

Lehenengo proiektua hiri-eremu eta -altzariak eraberritzera eta mantentzera bideratuko da eta guztira, 3 taldeburu eta 12 peoi kontratatuko dira. Lehenengo faseak taldeburu 1 eta 4 peoi hartuko ditu barne.

Bigarren proiektua, hurbileko herri-agenteen programa, berria da udalerrian eta guztira 3 taldeburu eta 15 agente izango ditu. Lehenengo fasean, 5 agente eta horien taldeburua egongo dira.

Herri-agente horiek Udalak abiarazitako kanpainen berri emango dute, adineko pertsonak babestuko dituzte, txakurren gorotz eta pixekin arazo gehien ditugun eremuak kontrolatuko dituzte, udalerriko ikastetxeetarako adingabeen sarrerak eta irteerak zainduko dituzte eta udal-instalazio eta -altzarien eguneroko segurtasun eta zaintza-jardueretan lan egingo dute. Hitz batean, herritarren elkarbizitza onaz arduratuko dira.

Hirugarren proiektua lan-orientazio programa bati dagokio. Bi lan-orientatzaile kontratatuko dira, Abanto Zierbenako langabetuen datu-basearen azterketa zehatza gauzatzeko. Horretarako, langabezian dagoen udalerriko pertsona orori elkarrizketa bat egingo zaio. Prozedurak langabetuei zuzentzen zaizkien ekintzak egokitzea eta enpleguaren sustatze politikak zehaztasun handiagoaz definitzea ahalbidetuko du.

Laugarren proiektua Gizarte Hezkuntzako lizentzia, diploma edo gradua duen teknikari baten bidez garatuko da. Pertsona horrek udalerrirako droga-mendekotasun plan bat gauzatuko du.

Azkenik, bosgarren proiektua burutzeko, Abanto Zierbenako Udalak, Abanto Lan 2016 programaren bidez, gizarte-bitartekari bat kontratatuko du. Pertsona horrek gazte lokalak koordinatuko ditu eta gazteei zuzendutako proiektuak dinamizatuko ditu, gazteak udal-politiketan lehentasun handia baitute.

“Udalerriko enpleguaren sustapen honetarako 134.000 €-tik gorako inbertsioa behar da eta Lanbidek programa diruz laguntzen du. Aurtengo aurrekontuan igoera txiki baina garrantzitsua dago aurreko urtekoarekin alderatuz, 17.000 €-koa.

Langabezian dauden bizilagunei aukerak eskaintzea lehentasun handikoa da”. Enplegu Planak proiektu publikoak dira, tokitik abiarazten dira eta langabezian dauden pertsonei zuzentzen zaizkie, udal-intereseko obrak gauzatzearen bidez horien enplegagarritasuna hobetzeko eta ondoren, lan-merkatuan sartzeko.

Egunero helburu hori lortzeko egiten dugu lan eta bihotzez espero dugu programa honen bidez nahi eta behar duzuen enplegua lor dezazuela. Abanto Lan 2016 programak xede horretarako bidea ireki nahi dizue 3 hilabeteko lanaldi erdiko kontratua eskainiz.

Ezin dugu aldera batera utzi Ezkerraldea/Meatzaldea gure eskualdeko herriak, zoritxarrez, Euskadin erregistratutako langabezia-tasen rankingaren buruan daudela, 70eko eta 80ko hamarkadetan gertatutako desindustrializazio larrian jatorria duten egiturazko arazoen ondorioz. Gaur egungo krisiak arazo horiek berriro azaleratu ditu, Abanto Zierbenako langabezia-tasa igoz.

Hala ere, adierazi dezakegu egoera hori apurka-apurka hobetuz joan dela 2014tik aurrera, eta langabezia-tasak guztiok nahi ditugun zifretan ez badago ere, zenbait hilabetez jaisten joan ondoren % 16,3an dagoela orain; krisiaren unerik gorenekin alderatuz, 4,5 puntu beherago.

Jakin badakigu hobekuntza hori ez dela nahikoa. Hori dela eta, Udalak langabetuen alde lan egiten jarraituko du, hau bezalako enplegu-programen, prestakuntza ikastaroen, enpresak sortzeko laguntzen eta udalerriko enpresekin ezarritako komunikabideen bitartez”.

Gogoraraztekoa da 2012an Udalak, Tokiko Garapen eta Enplegu Agentziaren bidez, Lehiakortasun eta Enplegu Plan bat jarri zuela martxan, enpleguaren sustapenerako tokiko politika guztiak eratzen diren tokitik bertatik langabeziari aurre egiteko baliabide gisa: Abanto Lan.

“Gure bizilagunen enpleguaz kezkatzen gara eta horren aurrean ez gara geldirik geratzen. Formulak bilatu, lanpostuak sortu eta inguruan dauden enpresekin hitz egiten dugu; argi baitaukagu une honetan enplegua dela herritarren kezkarik nagusiena, eskasa delako eta lanpostu askotan prekarietatea nagusi delako. Lan duina nahi dugu eta Udaletik ahal dugun guztia egingo dugu gure udalerrian langabetuen kopurua murrizten jarraitzeko”.