Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udala ikuspegi berri baten bila dabil Gerente putzua izeneko paraje natural eder eta berezia hobeto aprobetxatzeko; horretarako, udalerriko biztanleei galde egin die. Atzo bertan, 46 abantoar baino gehiagok egin zituzten proposamenak.

Meatzaldeko Udala lanean ari da “Gerente putzuko eta Lorenza meatze-barrutiko paisaia suspertzeko ekintza-plana" gauzatzeko. Udalak badaki inguru hori oso garrantzitsua zela, dela, eta izan daitekeela gure udalerriarentzat; hori aintzat hartuta, inguruak eskaintzen dituen aukerak aztertzen ari da, ondoren segurtasuna, ondare-balioa eta aukera ekonomiko, sozial eta kulturalak hobetuko dituzten neurriak identifikatzeko.

Prozesu horretan, Udalak interesa duten herritarren ikuspegia eta iritzia aintzat hartu nahi du. Hori dela eta, atzo bilera bat egin zen Las Carreraseko Haritzalde erakusketa-aretoan.

Iraganean, Gerente putzua aire zabaleko meatzea zen; orain, baina, erabilera berria, etorkizun bat, behar du. Meatzaritza-putzu handi eta sakon honek Cotorrio ibaiaren ura jasotzen du eta landarez inguratuta dago; gainera, putzuaren erdian arrokazko uharte bat du. Hala, paisaia natural paregabea eskaintzen digu putzuak.

“Beti bezala, herritarren nahien arabera jokatu nahi izan dugu; hori dela eta, zuzenean galdetu diegu zer nahiko luketen eta nola sustatu eta hobetu genezakeen eremu hori.

Bilera hori arrakasta hutsa izan da, eta proiektu honetan lanean jarraitzeko gakoak eman dizkigu” azaldu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak. Herritarren proposamenekin, Gerente putzua eta bere ingurua suspertzeko plan estrategikoaren oinarriak osatu ahalko ditugu.

Iraganari begira ekin zitzaion lan-bilerari. Han elkartutakoek oroitzapenak partekatu zituzten, esate baterako Gerente putzuan igerian ikasi zutenekoa.

“Gerente putzua topalekua zen Las Carreraseko hainbat eta hainbat familiarentzat. Duela urte batzuk, haurrak bertan igerian eta arrantzan ibiltzen ziren, eta putzuak eskaintzen zuen lasaitasunaz eta naturaz gozatzen zuten. Bitxikeria gisa, kontatu ziguten antzina, Zierbena ere udalerriaren parte zenean, traineru batzuk putzura botatzen zituztela, bertan bogatzen ikas zezaten", azaldu du Etxebarriak.

Gutxi gorabehera hemendik hilabetera, Udalak eremuaren lehenengo diagnostikoa izango du. Une horretatik aurrera, Paisaia Suspertzeko Ekintza Plana lantzen hasiko dira.

“Momentuz, herritarrek esandakoa kontuan hartuz, lehenik eta behin ondorioztatu dugu eremua garbitu behar dela eta sarbideak hobetu behar direla. Baina argi eta garbi esan digutena da Gerente putzua gune garrantzitsua dela udalerriarentzat, eta, beraz, babestu, suspertu eta zaindu egin behar dugula”, azpimarratu du alkateak.