Albisteak

 

Negua iritsi da, eta neguarekin datorren hotzak errealitate zitala ateratzen du argitara: energia-pobrezia. Pertsona askok ezin dute etxea berotu, ezin dute argindarrik izan, ez dutelako hori ordaintzeko beste diru-sarrerarik; ondorioz, argia piztu beharrean kandelak erabili behar dituzte, edo berogailua jarri beharrean arropa eta tapakiak erabili behar dituzte. Laburbilduz, pertsona askok eta askok ahal duten moduan egiten diote aurre egoera zail horri, baina kasu batzuetan euren burua arriskuan ere jartzen dute. Joan den hilean, 81 urteko emakume bat kandela batek eragindako sute batean hil zen, bere etxean, Reusen (Katalunia). Argindarra moztu zioten, ezin zuelako ordaindu, eta kandelekin bizi zen. Emakume hori energia-pobreziaren biktima bat da.

Errealitate triste horrekin bizi gara, baina horrek ez du esan nahi ezin denik energia-pobreziaren aurka borrokatu edo ezin denik prebentzio-neurririk hartu beste biktimarik egon ez dadin. Hori dela eta, Abanto Zierbenako Udalak lanari ekin dio, eta udalerriko kolektiborik ahulenak, kasu honetan bakarrik bizi diren adineko pertsonak, nola bizi diren aztertuko du.

 “Bakarrik bizi diren eta 80 urte baino gehiago dituzten auzokideei telefonoz deituko diegu. Udal-erroldaren arabera, gaur egun 170 pertsona dira. Haien egoera bertatik bertara ezagutu nahi dugu. Gizarte Ekintza Sailak egoera baloratuko du eta horren arabera jardungo du; beharrezkoa bada, gizarte-larrialdiko laguntzak emango dira. Telefono bidezko azterketa egin aurretik, zirkular bat bidali diegu, egingo dugunaren berri emateko”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Zierbenako Udala kezkatuta dago nagusien bizi-baldintzak direla eta; horren ondorioz, etxeko argindar-kontsumoaren gastuei aurre egiteko nahikoa baliabide ez izateak eragindako egoera zailak arintzeko eta prebenitzeko asmoz, neurriak hartuko ditu. Alkatearen asmoa ez da errealitate horri bizkarra ematea, baizik eta, alderantziz, egoera hori konpontzea, eta, horretarako, Gizarte Ekintza Sailaren laguntza izango du.

“Udalerriko elkarteen sarearekin harremanetan jarri gara, haiek ere energia-pobrezia hautematen lagun dezaten; hau da, eskatu diegu adi egoteko eta auzokideren baten egoera ohikoa ez dela ikusten badute, guri berehala jakinarazteko, neurriak har ditzagun eta pertsona horiei lagun diezaiegun. Energia-pobrezia gure garaiko arazo bat da, nahiz eta batzuetan ez dugun ikusten, lotsa ematen baitu eta zaila baita komunikatzea, eta, norberaren etxean gertatzen denez, batzuetan kanpotik guztiz hautemanezina da. Hala ere, jendea ezin da horrela bizi; egoera arintzeko mekanismoak daude, eta guk herritarrekin lan egiten dugu, egoera prebenitzeko eta, hori ezin denean, arazoa konpontzeko”, azpimarratu du Etxebarriak.

Dossier bat egin da, eta bertan bildu dira azterketan egingo diren galderak: energia-kontsumoak dakarren gastua, batez ere neguan, eta baliabideen falta. Horrez gain, etxebizitza egokitzeko aholkuak eta pertsona bakoitzak arriskuak prebenitzeko har ditzakeen neurriak ere ageri dira: besteak beste, etxea isolatzea, leihoak, kontsumo txikiko etxetresna elektrikoak, energiaren eta gasaren fakturan aurrezteko aholkuak...

“Energia-pobreziaren biktima ziren hainbat herritarri lagundu diegu, gizarte-larrialdiko laguntzen bitartez. Arazo horien berri biktimek beraiek eman digute, edo, beste kasu batzuetan, Gizarte Zerbitzuek hauteman dituzte arazoak, urte osoan hartu diren prebentzio-neurrien bitartez; esate baterako, herritarrekin harreman zuzena izanez edo etxera bisita eginez. Ezin dugu ahaztu adineko pertsonez gain beste kolektibo batzuk ere badaudela arriskuan: esaterako, adingabeak dituzten familiak. Lagundu egin nahi diegu, eta adi-adi egongo gara”, adierazi du Etxebarriak.

Gainera, Udalak instalatutako ke-detektagailu bat duten etxebizitzen zerrenda berrikusiko da; guztira, 80 urtetik gorako biztanleak dituzten 40 etxebizitza dira. Ke-detektagailuak jartzeaz arduratzen den enpresari eskatuko diote detektagailuak berrikusteko, negua heltzerako denak behar bezala funtziona dezan; izan ere, garai horretan istripu gehiago izan ohi dira berogailuen ondorioz.

Abanto Zierbena, energia-pobreziaren aurka.