Albisteak

 

Udaleko kirol-eskaintza hobetzea izan da Abanto Zierbenako Udalaren helburuetako bat. Horretarako, kiroldegiko erabiltzaileen eskaerei arretaz entzun ondoren, gobernu-taldea lanean aritu da udaleko kirol-instalazioen kudeaketa-kontratu berri eta hobea lortzeko. Kontratu hori joan den apirilaren 1ean jarri zen indarrean eta bi urteko iraupena izango du, luzatzeko aukerarekin.

“Lan eta ahalegin handia egin ondoren, instalazioen erabiltzeen beharrei eta eskaerei leialki erantzuten dien kudeaketa-eredu berri bat abian jartzea lortu dugu. Batetik, ordutegi zabalago bat eskainiko dugu, erabiltzaileek askotan eskatu baitute; eta, bestetik, jarduera berriak jarri ditugu martxan”, adierazi du Maite Etxeberria Abanto Zierbenako alkateak.

Ordutegi berria izan da hobekuntza garrantzitsuetako bat. Instalazioak astelehenetik ostiralera goizeko zortzietatik gaueko hamarrak arte irekiko dira. Larunbateko ordutegia ere zabaldu egingo da: orain, goizeko bederatzietatik eguerdiko ordu biak arte egongo da irekita. Eta, kirola igandean egin nahi duenarentzat, instalazioak goizeko bederatzietatik eguerdiko ordu biak arte egongo dira irekita.

Kirol-jardueren eskaintza ere zabaldu dute. Besteak beste, pilatesen eta yoga eta hipopresiboak bezalako jarduera berrien ordutegia zabaldu da, eguerdiko ordu bietatik arratsaldeko lauretara, dagoen eskaerari erantzuna emateko. Berriz eskainiko dira haurrentzako masajea eta erditze ondorengo gimnasia. Gainera, amen eta haien haurren ongizateari ere erantzun zaio, haurdunaldiko igeriketarekin. Ikastaro hori igerilekuan eskaintzen da, ostegun goizetan, eta ordu eta erdi irauten du.

“Kirola, osasuna, eta familiako bizitza eta lan-bizitza bateragarria. Horri begira, 14:00etatik 16:00etarako tartean jarduera eta ikastaroetarako ordu gehiago jarri dira, astelehenetik ostiralera, herritarrek joateko aukera izan dezaten”, azaldu du alkateak.

Bestalde, berrikuntza bat iritsiko da udan. Ekainaren 15etik irailaren 15era ordutegiak aldatuko dira, uda-sasoia dela eta (orain arte ez da egon alderik). Kiroldegia ez da itxiko ez larunbat ez igande eguerdian, orain arte egin den bezala. Are gehiago, instalazioak igande arratsaldean ere irekita egongo dira, nahi duenak erabil ditzan. Udako ordutegi berria honako hau izango da: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 22:00etara, eta asteburuan 10:00etatik 22:00etara (etenaldirik gabe).

Aldaketa honetako lehen pausoa igerilekuetako Solariumari balioa ematea izan da. Azken urteotan 2.750 metro karratuko ingurune berdearen aldeko apustua egin da, bizilagunen gozamenerako: itxitako eremu segurua eta lasaia. Gainera, udan hainbat materialez hornituko da (material didaktikoa eta kiroletakoa, jolasak, begiraleak), gazteenen jarduerak dinamizatzeko. Hori dela eta, datorren udan, igerilekua goizeko bederatzietatik gaueko hamarrak arte irekiko da, etenik gabe.

“Ehunka herritarrek erabiltzen dituzte egunero igerilekuak, baina hala ordutegia nola ikastaroak ez datoz haien beharrekin bat. Ondorioz, ezinbestekoa izan da formula berri bat negoziatzea, instalazioak kudeatzeko kontratu berria aprobetxatuz”, azaldu du Etxebarriak. Gaur egun 2.000 bazkide inguru ditugu, eta urteko beste 2.500 bazkide.

Kontratu berri horretan, igerilekuez gain, udaleko bi frontoi berrien kudeaketa berria ere sartu da. Irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin programa digital bat instalatu da, frontoi berriak erabili nahi dituztenentzat. Hala, frontoia erabiltzeko ordutegia eskatzen dutenek, bertara iristen direnean, urrutiko sistema elektroniko baten bidez sartu eta irten ahal izango dira. Horrez gain, telebista-zirkuitu itxi bat edukiko dute espazioa kontrolatzeko eta erosoago egoteko. Halaber, larrialdietarako ateak egokituko dira.

Erabiltzaileen beste eskaeretako bat gimnasioko makineria guztia aldatzea izan da. “Laster ordezkatuko ditugu. Egia da denboraren eta erabileraren poderioz hondatu egin direla; hortaz, aldatu egingo ditugu. Eta aldaketa hori lehiaketa publiko bidez egingo dugu; hasiak gara hori antolatzen”, adierazi du Etxebarriak.

Halaber, Abanto Zierbenako Udalak ekologia-konpromisoarekin jarraitzen du. Hori dela eta, hemendik aurrera, kiroldegiko langileek furgoneta elektriko bat edukiko dute euren lana modu iraunkorragoan egin dezaten. “Paktainer unitate bat instalatuko da igerilekuko galdara-gelan, bertan hondakinak biltzeko eta jarioak saihesteko. Ondoren, garbigune batera eramango dira”, jakinarazi du alkateak.

Kirol-instalazioak irisgarriagoak egitea izan da gainditu beharreko beste erronketako bat. Horretarako, makina berri bat erosiko da, igerilekuko ontzietara doan bidea desgaitasuna duten pertsonentzat egokitzeko.

“Aldaketa eta hobekuntza guztiak azalduta daude aste osoan etxe guztietako postontzietan sartuko den koaderno batean. Koaderno hori Abanto Zierbenako 4.500 etxebizitzara iritsiko da, eta bertan, ordutegiarekin, jarduerekin, eta uda- eta negu-garaiarekin zerikusia duten berrikuntza guztiez gain, eguneroko kirol-jarduerei buruzko informazioa emango da. Espero dugu 1.300.000 euroko kontratu berri honek, ahalegin eta motibazio osoz landu dugun honek, Abanto Zierbenako bizilagunen eskaera eta beharrei erantzutea”, esan du, amaitzeko, alkateak.