Albisteak

 

Abantoarrek badute ostegunetarako plana: ibilbide gastronomikoa herrian bertan.

“Herriko poteoa berreskuratu nahi dugu, astegunetako kaleko bizitza hori, eta, horretarako, ez dago lagunartean horren geureak ditugun pintxoak eta poteak hartzea baino modu hoberik”, azaldu du Abanto Zierbenako alkateak, Maite Etxebarriak.

“Ostegunak, Abanto Zierbenan” egitasmoa Udalak abiarazi zuen, eta udalerriko 15 tabernak babesten dute. Meatz Pintxo Potearen bertsio berri eta hobetua da, eta egitasmoari lotutako ostalaritza-lokalek formatu soileko pintxo bat eskainiko dute, nahieran aukeratzeko, 1,50 euroren truke urteko ardoarekin, zuritoarekin edo antzeko beste edariren batekin, eta 2 euroren truke ardo onduarekin.

Azaroko, abenduko eta urtarrileko ostegun guztietan, abantoarrek aukera izango dute herriko tabernek mimo handiz eta sormenez prestaturiko jakiez gozatzeko, arratsaldeko zazpietatik gaueko hamarretara arte.

“Gainera, berritasun gisa, Meatz Pintxo Potean parte hartzen dutenek 50 euroko balioa duen opari-txartel bat irabazi ahalko dute, parte hartzen duten establezimenduetan kontsumitzeko”, iragarri du Etxebarriak.

Eta inor ez da galduko ibilbide gastronomiko interesgarri honetan; izan ere, lokal partaideek metro bat baino gehiagoko kartoizko aizto bereizgarri bat jarriko dute kanpoaldean, herritarrek behar bezala identifika ditzaten.
Ibilbide gastronomikoa Abanto Zierbenako Merkatarien eta Ostalarien Elkartearen laguntzaz antolatu da, Udalerriko Merkataritza Dinamizatzeko Planaren barruan.

Horrela, pintxo-potea, ostalaritza-sektorearen eta herritarren laguntzarekin, sustapenerako eta kontsumorako alternatiba bat izango da Abanto Zierbenan. Meatz Pintxo Potearen bosgarren edizioa da aurtengoa, eta urterik urte berrituz doa egitasmoa. Iaz, kasurako, euskararen erabilera bultzatu zen pintxo-poteari esker, eta aurten, berriz, helburu nagusia poteoa berreskuratzea eta ostalaritza-sektorea astegunetan ere suspertzea izan da.

“Ostegun honetan ekingo diogu planari, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu gure ostalarien pintxoak dastatzera, kalera irtetera. Asko jota bi eurotxo ordainduta, pintxoa eta potea hartzeko aukera izango da; galdu egingo duzu?”, esan du, bukatzeko, Etxebarriak.

“Ostegunak Abanto Zierbenaren alde, plan goxo-goxoa”.