Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak kudeaketari dagokionez herritarrekin guztiz gardena izateko konpromiso sendoari eusten dio; hori dela eta, hirugarren urtez, udal-aurrekontua xehetasun osoz azaltzen duen gida bat argitaratu du.

“Gastu, diru-sarrera eta proiektu oro dokumentu honetan adierazita dago. Gure asmoa da herritar guztiek bertatik bertara ezagutzea euren Udalaren kontuak” adierazi du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Aurtengo udal-aurrekontua 11. 826. 761,10 eurokoa da. Aldizkari honetan, aurrekontu hori erraz ikusteko eran eta argi xehatzen da, hala gastuei nola diru-sarrerei dagokienez. Laburbilduz, gure Udalak zer diru-sarrera dituen eta diru hori nola gastatuko duen azaltzen du, xehetasun osoz. Ez dago zenbaki-dantzarik ez trikimailurik; zifra argiak dira, Abanto Zierbenako herritarren zerbitzura, jakinaren gainean egon daitezen.

“Udalerri osoan 4. 500 ale banatuko dira, postontzi bidez. Horrez gain, beste aldizkari asko jende ugari jasotzen duten tokietan utziko ditugu, esaterako Gallartako anbulatorioan; hala, ahalik eta jende gehienek ikusiko dute” esan du Etxebarriak.

Azpimarratu beharra dago aurten, lehenengo aldiz, herritarrek Udalaren kontuak prestatzeko lanetan parte hartu dutela 2016 ekitaldirako. “Aurrekontu parte-hartzaileak” kanpainaren bitartez egin da elkarlan hori. Udalaren webgunearen bitartez inkesta bat egin zen; bertan, nahi zuten herritarrek adieraz zezaketen euren ustez zein ziren aurrekontuko partidarik garrantzitsuenak. Egitasmo horrekin, honako hau ondorioztatu da: herritarren ustez, dirua, lehenik eta behin, egoerarik zaurgarrienean dauden pertsonei laguntzeko erabili behar da, baita enplegua sustatzeko eta udalerriko ikastetxeetan hobekuntzak egiteko ere.

Pertsonekiko konpromisoa argia da zenbakiei begiratzen badiegu: etxeko laguntza zerbitzuari 550. 000 euroko partida dagokio, eta enplegua sustatzeko programei, berriz, 270. 500 euroko partida.

“Herritarren kezkak argi eta garbi islatzen ditu aurrekontu honek; hala, aurten gauzatuko diren proiektu nabarmenen artean ditugu ikastetxeak hobetzeko lanak, udal-gimnasiorako makina berriak eta herritar ugarik eskatu dituzten beste hainbat hobekuntza. Proposamen guztiei arretaz entzun diegu, eta lanari ekin diegu horiei erantzuteko” azpimarratu du alkateak.
Aldizkari honek, inbertsioen berri emateaz gain, banakako zerbitzurik garrantzitsuenek duten kostuen berri ere ematen du; esaterako, bideen garbiketa, zabor-bilketa, kirol-instalazioen kudeaketa edo herri-bideen mantentze-lanak. Horrez gain, diru-laguntzen berri ere ematen du, eta argi eta garbi erakusten du Udalak pertsonekiko duen konpromisoa. Izan ere, konpromiso horri eustea eta ekonomia suspertzea dira udal-kudeaketaren lehentasunak.

Zergapekoaren gida

Liburuxka honek berritasun bat dakar: zergapekoaren gida batekin dator. Gida horretan, herritarrei arreta emateko hainbat bide aipatzen dira, eta zergak eta udal-tasak ordaintzeko bideen berri ematen da. Halaber, egutegi fiskal bat ere badago; bertan, modu azkarrean ikus daiteke noiz ordaindu behar den zerga bakoitza.
“Gogoratu behar dugu Abanto Zierbena izan dela Ezkerraldean udal-webgunearen bitartez “nire ordainketa” sistema ezari duen lehen udalerria. Aldizkariaren eranskin horretan, gainera, hobariei buruzko laburpentxo bat dago. Gure herrikideek eskura dauden onura fiskalen berri izan dezaten nahi dugu” bukatu du Etxebarriak.