Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak herritarren eskura jarri du informazio-kanal berri bat: lehenengo pantaila interaktiboa jarriko du udalerrian, udaletxearen alboko plazan, El Minero etorbideko 2. zenbakian. Izan ere, leku horretatik bizilagun ugari igarotzen da egunero, udaletxera izapideak egitera joateko.

“Bi aurpegiko koloretako pantaila bat da, eta bizilagunei herrian antolatzen diren jardueren berri emango die. Bereziki nabarmenduko dira Abanto Zierbenako Merkatari eta Ostalarien Elkarteak antolaturiko jarduerak. Era berean, herriko saltoki eta ostalaritza-establezimenduen iragarkiak ere erakutsiko dira”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Etorkizunean herriko auzoetan beste panel batzuk jartzeko asmoa dago. Izan ere, auzo batzuk herrigunetik urrun daude, eta, horren ondorioz, informazioa ez da nahi bezain azkar iristen leku horietara.

“Herritarrenganako komunikazioa hobetzeko urratsak egiten ari gara. Hurrengo urtean, Gallarta, Las Carreras eta Sanfuentes auzoetako plaza nagusietan abiatu nahi dugu egitasmo hau, gune horietan baitago jarduera komertzial handiena”, esan du Etxebarriak.

Argitasun handiko led argiz osaturiko pantaila interaktiboa da. 100 metrora arte ikus daiteke 20 zentimetroko digituarekin, eta 40 metrora arte 9 zentimetroko digituarekin, eta bi aurpegi ditu.

Panelak hiru helbururekin jarriko dira: alde batetik, merkataritzako eta ostalaritzako jarduera dinamizatzeko; bestetik, herritarren topagune bihurtzeko; eta, batez ere, Abanto Zierbenan antolatzen diren jardueren berri emateko.

“Oso garrantzitsua da gure herritarrek zuzenean jakitea zer ari den gertatzen euren herrian eta zer ari den egiten euren Udala. Horrez gain, bertako saltokiak bultzatuko ditugu, eta horrek salmentak areagotzen lagun diezaieke gure merkatariei”, azaldu du Etxebarriak.

Herriko komunikazio-kanalak modernizatu eta lehenengo panel interaktiboa jartzeko lanei ekiteko, ia 20.000 euroko inbertsioa behar izan da. Horretan laguntzeko, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailak 11.904 euro jarri ditu.

Pantaila horiek gaitasun handia dute oinezkoen arreta erakartzeko, eta herritarrei informazioa zabaltzeko beste bide bat izango dira, Watshappa, webgunea, SMSak eta mezu elektronikoak bezalako egungo beste sistemekin batera.

“Halako egitasmoekin, gertutasun eta gardentasun handiagoa lortu nahi dugu. Udalak aurrez aurreko tratua eduki nahi du, herritarrekin hitz egin; bada, pantaila honekin, begi-kolpe bakar batean deskubritu ahal izango dute herriak eskain diezaiekeen hori guztia”, esan du Etxebarriak, amaitzeko.